Pasa den astelehenetik ostalariei hainbat aukera ireki zaizkie: terraza eremuaz gain, barnean zerbitzua emateko aukera dute. Hori bai, distantziak errespetatuz eta bezeroak eserita egotea dira baldintza nagusiak, baita garbitasun neurri zorrotzak ere. Hori dela eta, herritarrei ostalarien jarraibideak errespetatzeko deia egiten zaizue.
Tabernak irekitzen ari dira, baina ez dira izango betiko tabernak. Herritarroi beren zerbitzuez baliatzeko aukera ireki zaigu, baita herriko ostalariei laguntzeko aukera ere, baina arauak errespetatzea garrantzitsua da, bai lanean ari denarentzat, bai guztiontzat ere.
Arrese jatetxea eta Zelaa hotela zabalik ziren pasa den astean eta aste honetan Beti Gaztek ireki ditu ateak. Datorren astelehenean, berriz, ia urtebeteren ondoren Illati taberna gehituko da iluntzetik aurrera.
Gogoraraztea soberan ez denez, hemen bezeroen ikuspegitik terraza eta tabernetan egoteko irizpideak:
- Terrazan esertzerako ostalariari galdetu mahaia desinfektatuta dagoen ala ez jakiteko.
- Eserita egon behar da, gehienez 10 laguneko taldean eta elkarrekiko distantziak mantenduz.
- Mahai eta aulkien mugimenduak ostalariek egin eta baimendu behar dituzte.
- Gehienezko aforoak daude, bai terrazetan bai eta lokalen barnekaldean.
Zaldibiako Udalak bide publikoan dauden terrazei dagokionean duen ordenantzaz gain, hiru erabaki hartu ditu alarma egoeraren baitan:
- Aurten ez da terrazagatiko tasarik kobratuko
- Eremuak handitu dira kasuz kasu, ostalariek distantziak bermatzeko duten betebeharra aintzat hartuta
- Terrazaren ordutegi mugak ezartzea: igandetik ostegunera 9:00etatik 23:00etara eta ostiral, larunbat eta jai-bezperetan 9:00etatik 01:00etara (23:00 eta 01:00etarako mahaiak jasota)
Zukati ta danokati, bi metro eta eskuk garbi!