Plazaratu dituzte dekretua eta gaurtik indarrean diren prebentzio neurriak

Gaur urriak 7, EHAAean plazaratu dituzte Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Lehendakariaren dekretua eta Osasun sailak zehazturiko prebentzio neurriak.

LEHENDAKARITZA

39/2021 DEKRETUA, urriaren 6koa, lehendakariarena, COVID-19aren pandemiaren ondoriozko osasun-larrialdiko egoera Euskadin amaitu dela adierazten duena eta normaltasun berri batean sartzeko neurriak zehazten dituena.

OSASUN SAILA

AGINDUA, 2021eko urriaren 6koa, Osasuneko sailburuarena, lehendakariak larrialdi-egoera amaitu dela adierazi ondoren, normaltasun berrian COVID-19ak eragindako osasun-krisiari aurre egiteko beharrezkoak diren prebentzio-neurriei buruzkoa.

 

PREBENTZIO-NEURRIAK

1.– Neurri orokorrak eta prebentzio-neurriak.

Herritar guztiek beharrezko neurriak hartu beharko dituzte COVID-19aren gaixotasuna hedatzeko arriskurik ez sortzeko, bai eta norberak arrisku horiekiko duen esposizioa saihesteko ere. Kautela- eta babes-betebehar hori edozein jardueraren titularrei eskatuko zaie. Era berean, errespetatu egin beharko dira osasun-agintariek COVID-19a prebenitzeko ezartzen dituzten segurtasun- eta higiene-neurriak, bai eta Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak ezartzen dituen jarraibideak ere.

Oro har, toki publikoetan, pertsonen artean 1,5 metroko distantzia mantentzen saiatu beharko da, eta arreta berezia jarriko da esparru itxietan. Distantzia hori mantentzerik ez dagoenean, higiene-neurri egokiak hartuko dira kutsadura-arriskua prebenitzeko, eta, nolanahi ere, ahalik eta distantziarik handiena mantenduko da pertsonen artean.

Era berean, ahal dela, eskuak gehiagotan garbitu beharko dira, eta, horretarako, soluzio hidroalkoholikoa edo ura eta xaboia erabiliko dira.

Erabilera publikoko establezimenduek eta lekuek etengabeko aireztapena bermatu beharko dute egunean zehar, bai eta lokalak irekitzean eta ixtean ere. Aireztapena mekanikoa bada, maximizatu egin beharko da kanpoko airearen sarrera, eta, aldiz, saihestu egin beharko da airearen birzirkulazioa. Aireztapen- eta klimatizazio-sistemek eraikinak eta lokalak mantentzeko gomendio ofizialak bete beharko dituzte. Era berean, aireztapena (ahal dela, naturala eta jarraitua) konpromiso indibidualeko neurri bat izango da herritar guztien bizikidetzarako eta gizarte-harremanetarako toki guztietan, hargatik eragotzi gabe erabilera publikoko establezimendu eta lokal guztietan aplikatzea.

2.– Maskarak erabiltzea.

13/2021 Errege Lege Dekretuaren lehenengo artikuluak aldarazitako 2/2021 Legearen 6. artikuluan xedatutakoaren arabera, sei urtetik gorako pertsonek nahitaez erabili beharko dute maskara, erabilera publikoko edozein gune itxitan edo jendearentzat irekita dagoen edozein gunetan.

Aire zabaleko guneetan nahitaez erabili beharko dira, baldin eta ezinezkoa bada pertsonen artean gutxienez 1,5 metroko distantzia etengabe mantentzea, elkarrekin bizi diren pertsona-taldeen kasuan izan ezik. Ondorioz, maskara erabiltzea derrigorrezkoa izango da pilaketak izaten dituzten hiri-ingurune guztietan.

Ingurune naturalean ez da maskararik erabili beharko, betiere pilaketarik edo metaketarik ez badago elkarrekin bizi ez diren beste pertsona batzuekin.

Ostalaritzako establezimendu eta zerbitzuetan, bai eta jatetxeetan ere, maskara erabiltzeko derrigortasuna une jakin batean etengo da soilik: elikagaiak edo edariak hartzeko unean, hain zuzen ere. Bestela, beti erabili behar da, bai barrualdeetan, bai terrazetan.

Edozein kirol-jardueratan, ez da maskara erabili beharko espazio naturaletan, oinezkorik gabeko hiri-ingurune periferikoetan, igerilekuetan bainua hartzerakoan, taldeen arteko kirol-lehiaketetan (entrenamenduak barne) eta kanpoko jarduera fisiko biziko ezohiko uneetan.

Hondartzetan eta igerilekuetako kanpoaldeko guneetan, ez da beharrezkoa izango maskara erabiltzea, baldin eta erabiltzaileen arteko segurtasun-tartea errespetatu badaiteke.

Nahitaezkoa eta ezinbestekoa da 6 urtetik gorakoek maskarak erabiltzea edozein garraiobide hartzen dutenean; hain zuzen ere, bidaiaren hasieratik bidaia amaitu arteko tarte osoan, legezko salbuespen-kasuetan izan ezik. Garraio pribatuan, ez da beharrezkoa izango maskarak erabiltzea, baldin eta bidaiariak elkarrekin bizi badira etxebizitza berean. Garraioaren arloko profesionalek ere maskara eraman beharko dute zerbitzuak irauten duen bitartean, baldin eta jendearengandik bereizitako lanleku propiorik edo babes-manpara baten bidez bereizitako lekurik ez badute.

Era berean, aplikatzekoak izango dira maskarak ez erabiltzeko arrazoiak eta kasuak, betiere 13/2021 Errege Lege Dekretuaren lehenengo artikuluak aldarazitako 2/2021 Legearen 6. artikuluan legez aurreikusitako eran. Kasu horietan, norbaiti eskatzen zaionean egiaztatu dezala maskara erabiltzetik salbuetsita dagoela, desgaitasun- edo mendekotasun-maila adierazten duen agiri baten bidez dokumentatu beharko du egoera hori, edo, bestela, horretarako egindako mediku-ziurtagiri baten bidez.

3.– Ordutegiak.

Jarduera komertzial, sozial eta kulturalak ixteko eta irekitzeko ordutegia egokitu egingo da arlo horretan aplikagarria den ordutegien ohiko erregulaziora.

4.– Edukierak.

Lokal eta instalazio guztietarako, edukieraren % 100ean baimendutako gehieneko edukiera ezarriko da berriz ere. 5.000 pertsonatik gorako edukiera duten esparru itxiak izango dira salbuespena; izan ere, horietan, baimendutako gehieneko edukiera % 80koa izango da.

Lokal eta instalazio guztietan, arreta berezia jarri beharko zaie instalazioetara sartzeko eta handik irteteko protokoloei, batez ere edukiera handiena dutenetan.

5.– Ekitaldien antolaketa.

Era guztietako ekitaldi sozialak, kulturalak edo kirol-arlokoak antolatzean, bai eta erabilera publikoko establezimendu eta lekuetan egiten diren jarduera guztietan ere, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak ezartzen dituen jarraibideak eta gidak errespetatu beharko dira, bai jarduera bera garatzeko orduan, bai jendearen egonaldia eta haiei laguntza emateko modua antolatzeko orduan, COVID-19a transmititzeko arriskua saihestu ahal izateko. Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak aldian-aldian eguneratuko ditu jarraibide eta gida horiek, bilakaera epidemiologikoaren arabera.

Nolanahi ere, barrualdeko lokal eta instalazio guztiak modu egoki eta jarraituan aireztatu beharko dira. Halaber, ekitaldiek irauten duten bitartean, ez barruko ez kanpoko esparruetan, ezin izango da janaririk eta edaririk kontsumitu, ura izan ezik. Ostalaritzako guneetan eta jatetxeetan baino ezin izango dira janariak eta edariak saldu eta kontsumitu. Ostalaritza- eta jatetxe-guneetan bakarrik saldu eta kontsumitu ahal izango dira elikagaiak eta edariak.

6.– Osasun-arloan arduraz jokatzeko betebeharrak.

Kutsatutako pertsonek eta haiekin harremana izan dutenek derrigorrez kolaboratu behar dute COVID-19 Kasuak eta Kontaktuak Zaintzeko EAEko Sarearen bilaketa- eta trazabilitate-lanetan. Hori dela eta, herritarrei eskatzen zaie zehaztasunez erantzuteko jarraipenaren arduradunek egiten dizkieten deiei, eta eskatzen zaien informazio guztia ahalik eta azkarren eta egiazkotasunez emateko.

Pertsona guztiek bete beharko dituzte agintarien edo osasun-zerbitzuen jarraibideak, bai eta Osasun Sailarenak ere, indarrean dauden protokoloen arabera.