Presa hidraulikoa eraitsi eta ibilgua lehengoratzeko lanak hasiko ditu URA agentziak laster

2020an Beko Errota edo Fabrika etxeari zegokion ur-aprobetxamendu baimena iraungi ondoren, URA uraren euskal agentzia Urbia – Goiz Eguzki parean dagoen presa hidraulikoa kentzeko lanak egitera doa apirilaren 19tik aurrera.

 

Jarraian dituzue URAk jakinarazitako xehetasunak:

LANEN HELBURUA: ibaiaren luzetarako konektibitatea berreskuratzea, ibilguaren ur txikietako morfologia baldintzak naturalki berreskuratzea, eta ibai-ertzak lehengoratzea, ahal den neurrian.

IRAUPENA ETA KOSTUA: Lanak apirilaren 19an hasiko dira eta URAk aurkeztutako proiektuaren arabera 2-3 asteko iraupena izango dute. Lanen aurrekontu osoa 27.637,23 eurokoa da.  

XEHETASUNAK:

  1. Presa puzgarria eta instalazio hidrauliko eta elektrikoak desmuntatuko dira lehenengo.
  2. Ondoren, presaren hormigoizko oinarria, arrain-eskala eta instalazio-eraikinaren goialdea eraitsiko dira bi fasetan, alde bat lehenik eta bestea ondoren. 
  3. Azkenik, instalazio-eraikina zena lurrez beteko da eta eremua txukunduko da.

OHARRAK: Lanak direla eta ez da aurreikusten Arruegi eta hilerrirako bidea denbora luzez moztu beharrik, baina makinaria errekara jaitsi eta igotzeko momentuetan bidea une batzuez eten beharko da. 

Apirilaren 19 asteartea goizeko 8:00etatik 9:00etara Zubi Ondotik Goiz Eguzki bitarteko bidea itxiko dutela aurreratu digute. Informazio gehiagorako ikusi trafiko oharra.