Udako jardueretarako izen-ematea irekita

Aurten ekainaren 29tik uztailaren 24ra bitartean egingo dira Udako jarduerak. Bi urtetik hamabi urtera bitarteko haurrek eta hamabitik hamabostera arteko gaztetxoek parte har dezakete. Izen-ematea zabalik egongo da apirilaren 17ra arte. Informazioa, jarraian.

 

Urtero bezala, udako oporretarako herriko haur eta gaztetxoei zuzendutako Udako jarduerak antolatuko ditu Zaldibiako Udalak, herrian bertan euskarazko aisialdia sustatzea helburuarekin. Jarduera hauetan 2 urtetik 12 urtera bitarteko haurrek eta 12-15 urte arteko gaztetxoek parte har dezakete. Ekainaren 29tik uztailaren 24ra izango dira aurten, astelehenetik ostiralera, goizeko 10:00etatik 13:00etara.

 

  • KUOTA BAKARRA:

Iaz bezala, kuota bakarra ezarri da eta horren barnean sartuko dira matrikula eta gainerako jarduera eta irteera gastu guztiak. HH eta LH-ko haurrek 92,52€ ordainduko dute, eta DBH-ko gaztetxoek 113,08€.

  • HOBARIAK:

Aurten ere, hobari sistema zabala aurreikusi da egoera zaurgarrian dauden edo beharra duten familiek kuota hori ordaintzeko arazorik izan ez dezaten. Hobariak bi motakoak izango dira. Batetik, errentaren araberakoak, lanbide arteko gutxieneko soldata kontutan hartuta, eta bestetik, familia ugarientzat hobariak.

  • ORDAINKETA:

Ordainketari dagokionez, ez da momentuan egin beharko. Izena ematerakoan, kontu zenbakia zehaztu beharko da izen-emate orrian, eta ekainean helbideratuko da kobrantza orokorra. Hobariak edota kasu bereziak banan-banan aztertuko dira, eta kobrantza egin aurretik jakinaraziko zaio familia bakoitzari zenbateko kuota ordaindu behar duen.

  • IZEN-EMATE ORRIAK NON AURKEZTU:

Hobaria eskatu nahi duten familiek udaletxean entregatu beharko dute izen-emate orria eta dagokion dokumentazioa. Gainontzekoek, berriz, Karreane Kultur Etxera eraman behar dute izen-emate orria.

  • EKAINEAN BILERA FAMILIEKIN

Izena ematen duten haurren familiekin bilera egingo da ekainean, eta begiraleen aurkezpena egiteaz gain, programazioaren azalpen orokorra azalduko da bertan.