Zaldibiako Udaleko bi talde politikoetako ordezkariek bat egin dute herritarrei eta kanpokoei zuzendutako mezuan. Aurtengoan ez da festarik izango Zaldibian eta arduraz jokatzeko deia egin dute, baita udazkenean zehar izango diren ekitaldietan parte hartzekoa ere. Adierazpena osorik ikusteko jarraitu irakurtzen.
Urriaren 1ean ospatu den Ez-Ohiko Udalbatzarrean honako adierazpena onartu dute Zaldibiako EHBilduko eta Zaldibiako EAJ-ko udal ordezkariek AHO BATEZ:
Herritar agurgarria,
Mundu mailako pandemia bizitzen ari garen honetan, bigarren olatua deiturikoan murgilduta eta osasun-larrialdi egoeran, badator urria eta badatoz urtez urte herriko festak ospatzeko izaten ditugun egunak.
Honen aurrean, Zaldibiako Udalbatzak eskertu egin nahi du alde batetik, herritarren jarrera orokorra. Zentzuz eta arduraz jokatuz, lan eginez eta zortea lagun dela, txukun doa orain artean gure herriko egoera.
Bestetik, dagoeneko berri izango duzun arren, jakina da irailaren 3ko herri-batzarrean hala berretsi zenez, aurten ez dela festarik ospatuko Zaldibian. Udalbatzako kideok benetan uste dugu ez dela festak egiteko momentua, ezta gaizki deitutako ez-festak egitekoa ere.
Herria konfinatzea badakigu zer den eta batez ere, badakigu zer kalte dakarren batik bat herritar zaurgarrienentzat. Berriro halako egoera bat emateak kalte larriak eragin ditzake, ez soilik osasunari dagozkionak gainera.
Zinez uste dugu instituzio eta herritarren indarrak gure herria berreraikitzeko eta jaikitzeko bidean jartzeko garaia dela, beharrezkoa zaigula, hainbat sektore eta familia egoera benetan larrian daudelako. Ezin dugu berriro atzera egin beraz, ez behintzat festa egiteagatik.
Horregatik, Zaldibiako Udalbatzak honakoa adierazi nahi du aho batez:
1.- Zaldibian ez dago festarik aurten, eta urriaren 5 eta 12 artean ez da ekitaldirik antolatuko.
2.- Herritarrei arduraz eta elkartasunez jokatzeko deia egiten dizuegu eta kanpotik etortzeko ohitura dutenei aurtengoan ez bertaratzeko eskaera egiten diegu. Horretarako bere esku dauden neurriak hartuko ditu Udalak.
3.- Bat egiten dugu festetarako izendatutako diru-saila, festak bertan behera uzteko erabakiak dakartzan kalteak arintzeko osatuko den ekintza-programara bideratzearekin.
4.- Udazkenerako ekitaldi programan parte hartzeko gonbitea egiten dizuegu herritarroi, bizi behar dugulako eta kultur-kirol sektoreak ere bizi behar duelako.
Zaldibian, 2020ko urriaren 1ean
Zaldibiako Udaleko Osoko Bilkurak aho batez onartua
Adierazpen hori onartzeaz batera, beste hiru gai izan dira hizpide plenoan: