Hemen duzue Eztitxu Mujika Zaldibiako Alkateak, zaldibitarrei zuzenduriko eskutitza
Kaixo zaldibitarrak,
Konfinamenduaren 6.astea den honetan gutun honen bidez zuzentzen naiz zuengana. Beti bezela, lehen-lehenik eskerrak eman nahi dizkizuet denboran hainbeste luzatzen ari den egoera honetan izaten ari zareten jarreragatik eta miresten dut baldintza hauetan zaintza, lana, aisia eta osasuna uztartzeko egiten ari zareten ahalegina.
Esfortzu kolektibo hau ondo atera dadin bidea luzea da oraindik. Ez da erraza izaten ari eta ez da izango, gure bizimodua erabat aldatu delako eta gure hainbat ohitura, harreman eta asmo ezingo ditugulako espero bezala egin denboratxo batean.
Baina esan bezala hau bide bat da eta bidea ezin da egin atzera begira. Hauxe da egoera, eta gauzak ondo egiten baditugu, ondo aterako gara. Eta gure asmoak egokitzen eta gure balioak horretara jartzen asmatzen badugu, bide gogor hau herri irakaspen handi bihurtuko da. Baita Zaldibin ere.
Egunotan hizketagai bilakatu digute gure herria eta honako mezua eman nahi nuke: konfinamenduak eragindako bizilagunen arteko tira-birak eta tentsioak hika-mika politikorako erabiltzeak inora ez doazen bideetara garamatza. Aurrez aurre dugun bidea ikusirik, ez nituzke indarrak zenbaiti somatzen diogun interes politikoei erantzuten galdu nahi.
Aldi berean, dei egiten dizuet herritarrei arduraz jokatzera eta pandemiaren hedapena saihesteko neurriak betetzera, aurreko mezuan nioen bezala, ekintza pertsonalak kolektibotasun zentzua baitu.
Halaber eskatzen dut ez dadila Zaldibiaren irudia desitxuratu. Izan ere, agertzen ari den hori ez da Zaldibiren argazki erreala, hori ez da herritarrok ikusten duguna. Ikusten ari garen Zaldibi da bolondres sarea osatzeko deia egin eta bi egunetan 50 lagun bildu dituen herria, ia 260 zaldibitar balkoitik balkoi builaka jarri dituen herria, auzokoari erosketak ekartzen dizkiona, edota atzo bizi bezala konfinamenduak oztopatutako hileta agurrei forma propioa eman dien herria.
Ez da egin ezin dugunari begira geratzeko garaia, ezta ondokoaren ahulguneak azpimarratzekoa ere. Unean uneko egoeraren jabe izan eta zehaztutako irizpideei jarraituz, buruari eragin, ekintzak berrasmatu eta guztion artean bidea egiten jarraitzeko garaia da. Jarri ditzagun mahai gainean gure balioak, birusa egon edo ez, babestu nahi ditugunak. Eta heldu horiei.
Lagundu bizilagunari, ingurukoei deitu eta zer moduz dauden galdetu, elkar entretenitu, animatu, herri kohesiorako ekimenak antolatzen jarraitu, herri elkartasun-sarea osatzen eta elikatzen segi. Hori da gure Ostadarra, hori da gure Zaldibi. Bide horretan elkartuko gara.
Zaldibia, 2020ko apirilaren 24ean
Eztitxu Mujika Mariezkurrena
Zaldibiako Alkatea