Zaldibiako Udalak barne lanketa egin du udal ordezkari politiko eta langileekin udalean partaidetza kultura sustatu eta herri partehartzaileago bateranzko urratsak ematen jarraitzeko helburuz. Emun aholkularitzak gidatu du prozesua eta datozen hilabeteetan hainbat dinamika eta lanketa abiatuko ditu Udalak egindako hausnarketa oinarri hartuz.
Pandemiaren testuinguru eta lan-kargek baldintzatuta, baina 2020ko azaroan hasi eta 2021eko martxoan amaitu zen Emunek gidatu eta Foru Aldundiaren diru-laguntza izan zuen partaidetzari buruzko barne hausnarketa prozesu hau. Bertan, datozen hilabeteetarako lan-ildoak zerrendatu dira eta batez ere, urte luzeetarako oinarria jarri da udalak partaidetzaren kulturan sakontzen egiteko duen bidean.
Izan ere, ez dira gutxi hausnarketarako gaiak: udal barne antolakuntza eta koordinazioa, gardentasuna, prozesuen sistematizazioa, herritarren partaidetza udal gaietan, modu presentzialak eta digitalak, komunikazioa, alderdien politika eta herri mailako politika...
Prozesua 4 lan saiotan burutu zen eta honako ordezkariek parte hartu zuten: Jon Ander Colombo (Aguazila eta obra eta zerbitzu burua), Marijo Arrizabalaga (Gizarte Zerbitzuetako arduraduna), Mikel Urteaga (Kultura, Euskara, Kirolaren arloko laguntzailea), Elena Zabala (Idazkaria), Eztitxu Mujika (Alkatea), Mikel Luloaga (EH BILDUko zinegotzia), Garbiñe Mendizabal (EAJ-PNVko zinegotzia) eta Esti Jaka (EAJ-PNVko zinegotzia).
Emaitza nagusi gisa grafikoki bildu zen hausnarketaren emaitza, Zaldibiako herritarren partaidetza eredua. Oinarri gisa denen artean osatu eta adostu zen esaldia, partaidetza definituz:
Zer da partaidetza?
Herritarren eskubide eta udalaren betebeharra izateaz harago, zaldibitarrok modu sistematizatuan elkarri entzun eta erantzunez gizartearen beharrak asetzen lagunduko digun erreminta eta bidea da, herritartasuna indartuko duena eta Zaldibiaren parte garela sentiaraziko diguna.
Eta balio batzuk ere azpimarratu ziren bermatu beharrekoak: aniztasuna, osotasuna, enpatia, eraginkortasuna, udal barne-kanpo koherentzia eta udal ordezkari eta herritarren arteko erantzukidetasuna.
Bide hau jorratzeko motorrari hiru osagaik eragingo diote: partaidetza sustatzeko tresnek, bertara bideratutako mota guztietako baliabideek eta eskuragarri jarriko diren azpiegiturek. Eta lau jardun nagusi izango dira motor horrek garatu beharrekoak: esan/erakutsi, aditu/entzun, eman/jaso eta erantzun/kontu-eman.
Hausnarketa eta oinarri orokorraz harago, zehaztasun batzuk lantzeko aukera ere izan zen lan saioetan eta datozen hilabeteetan garatu beharreko plangintza edo ekintza zerrenda ere egin zen. Honen baitan eta lehen urrats gisa, inkesta sorta bat burutuko du Udalak aurtengo iraila eta azaroa artean herritarren iritzia jasotzeko asmoz.
Urrats hauen ondoren berriak ere etorriko dira, herri partehartzailean sakonduz herri eta herritar hobeak izango baikara.