Zaldibiako Udal Gobernuaren mezua, herriko festen atarian

Udal Gobernu taldeak jarraian ageri den mezua zabaldu die herritarrei festak gerturatzen ari diren honetan. Jarraian mezua osorik:

Jarraian duzue Zaldibiako Udal Gobernu taldearen mezua:

 

Herritar agurgarriak,

 

Hilabete inguru da Covid-19aren bigarren olatua hasi zenetik eta berriro osasun-larrialdi egoera izendatu zenetik. Gordin esanda luze joan da orain artekoa, baina oraindik bide luzea geratzen zaigu aurretik. Udal gobernutik eskertu egin nahi dugu herritarren jarrera orokorra, zentzuz eta arduraz jokatuz, lan eginez eta zortea lagun dela, txukun doa orain artean gure herriko egoera.

 

Egun hauetan hasi gara mondeju usaina somatzen gure kaleetan eta horrek aditzera eman izan digu bertan dela urria, bertan direla herriko festak. Aurten, ordea, eta irailaren 3ko batzarrean hala berretsi zenez, ez da festarik ospatuko Zaldibian. Lanean gabiltza erabaki horrek sortuko dituen kalteak arintzeko programa bat osatzen eta pasa den astean burutu dira adibidez, harrera eguna eta bono salmenta. Irail amaiera baino lehen aurkeztuko dugu, udazkenerako ondu dugun aisia, kultur eta kirol agenda, herritarron behar emozionalei eta sektore hauen biziraupenari laguntzera bideratutakoa.

 

Ekintza hauek indarrean diren osasun irizpideak betez garatzeko edo herriko edozein taldek antolatu nahi dituenerako protokoloa osatu du Zaldibiako udalak, edonoren eskura dagoelarik Kultur Etxean zein udal web orrian. Bestetik, ekimenak antolatzen laguntzeko udal gobernuaren borondatea erakutsi genien batzarrean bildutako herriko eragileen ordezkariei, baita behar diren baliabideak jartzekoa ere. Ea bada denon artean herritarren eta kultur-kirol sektore zabalaren beharrei erantzuteko programa txukuna osatzeko gai garen, herri txiki baten tamainakoa bada ere.

 

Urria gerturatu ahala, ordea, antzematen dugu festa gogo eta barne korapiloa, nahia eta ezina. Hau horrela izanda ere, udal gobernuko kideok benetan uste dugu ez dela festak egiteko momentua, ezta gaizki deitutako ez-festak egitekoa ere. Ikusi dugu gure moduko Leitza edo Zestoa bezelako herrietan zer pasa den, hain justu festa egunetatik bi astera. Bertan ikusi arte ez gara jabetzen, baina herria berriro konfinatzeak badakigu zer dakarren, batez ere, herritar zaurgarrienentzat.

 

Berriro halako egoera bat emateak kalte ugari eragin ditzake, ez soilik osasunari dagozkionak gainera. Zinez uste dugu gure herria berreraikitzeko eta jaikitzeko bidean urratsak emateko garaia dela, beharrezkoa zaigula, hainbat sektore eta familia egoera benetan larrian daudelako. Ezin dugu berriro atzera egin beraz, ez behintzat festa egiteagatik.

 

Hasieran esan bezala, festak ez egitearen ondorioak arintzeko lanean dihardugu herriko eragileekin batera. Egin ezin dena albora utzi eta egin dezakegunari begira jarri gara berriz, uda biziarekin egin genuen bezala. Bertsoak, musika, antzerkia, dantza, pilota, ikuskizunak… denetik izango dugu udazkenean, denetik eta denentzat, herritarrentzat eta Euskal Herriko artistentzat.

 

Festetan egiten dugunak, ordea, eragin zuzena izango du programa honen garapenean. Horregatik, Udal gobernutik:

 

1.- Herritarrei ardura eta elkarlana eskatzen dizuegu: Zaldibian ez dago festarik aurten eta udazkeneko programak aurrera egiteko zaldibitar guztien elkarlan eta parte hartzearekin izango da.

2.- Zaldibiako Udalbatzara mezu hauek jasoko dituen adierazpen bat eramango dugu onartu, herritarren artean eta ingurura zabaldu dadin.

3.- Udal Gobernuan gauden heinean, urriaren 5etik 12ra Udaletik ekimenik ez antolatzeaz gainera, ez dugu ahalbideratuko espazio publikoan ezer antolatzerik, ezta festen bueltan eman izan diren baimen berezirik emango ere.

 

Kolektiboki eta solidarioki jokatzeko garaia da, begirada epe ertain eta luzera begira jartzekoa. Elkar zaintzeko garaia da, herriak herria zaintzekoa.

Zaldibiako Udal Gobernuaren mezua

                                                                                                                                                                                                            Zaldibian, 2020ko irailaren 22an