Zaldibiako Udalaren aurrekontuak 2023 urterako

Abenduaren 19an Herri Batzarrean azaldu eta abenduaren 27an osoko bilkuran behin-behinean onartu ondoren, jendaurreko epea pasata indarrean sartuko dira 2023ko aurrekontuak. Jarraian ikusgai dituzu ezaugarri orokorrak eta sarrera eta gastuen diru-partidak lerroz lerro. 

 

2023ko aurrekontuak EH Bilduko zinegotzien aldeko bozkekin egin du aurrera, EAJ-PNVk aurka bozkatu duelarik. Honela ezaugarritu ditu udal gobernuak aurrekontu hauek:

Helburu-erronkak:

  • 2022ko ildo nagusiei eusten diegu: ertzak erdigunera, herri bizia, erronka ekologikoa eta landa garapena.
  • Gertuko eta kalitatezko zerbitzuak ematen jarraitzeko apustuari ere bai, udal langilegoaren antolaketa eta formakuntzaz.
  • Herritarrak, eragileak eta udala elkarlanean arituz.
  • Hauteskunde urtea izango da, 2023-2027 legealdi berria ate joka. Legealdi berri horren baitan beharra ikusten dugu herriaren datozen urtetako oinarri eta helburuak lantzeko, baina aurten bertan gai batzuk jorratuko dira: mugikortasuna, espazio publikoa eta komunitatearen zaintza.

Aurrekontuak zenbakitan:

Diru-sarrerak:

2023rako 2.114.838,65€-ko diru-sarrerak aurreikusi dira, ohi bezala ziurtzat jotzen diren sarrerak soilik kontuan izanda.

Gastuei dagokionez:

  • %38,9 bideratuko da udal-langilegoaren gastura: administraziora, kale brigadara, kultur etxera, gizarte zerbitzuetara, berdintasunera, etxez etxeko zerbitzura, gaztetxoen kabira, udako jardueretara.
  • %35,4 bideratuko da 2. Kapitulura, gastu arruntera: kapitulu honetatik ohiko mantenu gastuez gain, "oso garrantzitsuak diren ordainketak" egiten direla nabarmendu du udal gobernuak, "guk inbertsio gisa ulertzen ditugunak". Esate baterako hor sartzen dira: herri-bideen konponketak, argi edo ur sareko konponketak, komunikazio gastuak, azpiegituren hobekuntzak, berdintasuna, aniztasuna eta ongizateko gastuak, kultur ondarea, musika eskola edo euskararen inguruko gastuak. Gainera, inflazioak ere eragina izan du, "ohiko gastu batzuk bikoiztu behar izan ditugulako, beste kapituluen kaltetan".
  • %15,20 bideratuko da 4. Kapitulura. Zati handiena gaur gaurkoz Sasietako Mankomunitateari joaten zaio eta aurten aldaketak emango dira hemen, eta "gertuko jarraipena" egingo zaio bere bilakaerari. Horrez gain, herriko taldeen diru-laguntzak, udalaz gaindiko erakundeetako ekarpenak, tokiko euskarazko hedabideak, larrialdi laguntzak, eta abar aurreikusi dira, beharren araberako doiketak eginez.
  • Eta 5, 6 eta 9. Kapituluetan biltzen da gainerako diru-zatia, %10,40: ia 30.000€ kreditu-globalera doaz urtean zehar sor daitezkeen izendatu gabeko gastuetarako, 71.000€ udaletxe berriaren amortizaziorako eta 118.500 proiektu zehatzetarako: plazaren eraberritzea (30.000€), eskola-eremua-olalde (4.000€), Kimuene altzariak (6.000€), Sarraila elektronikoak (4.000€), Jasangarritasun energetikoko jarduketa plana gauzatzen hastea (6.000€), Ekonomia zirkularra-auzokonposta (30.000€), Resti pilotalekua margotzea (20.000€) eta, zaldibia eta mugikortasuna ekintza plana diseinatzea (18.500€).

2022-12-19 Herri-Batzarreko aurkezpena:

 

 

2023 Aurrekontu xehetua: