Zaldibiko festak ate joka

Bertan dira urruti ziruditen herriko festak. Ekainean hasi genituen jaiak diseinatu eta antolatzeko lan-saio irekiak eta pasa den asteazkenean eman zitzaion itxiera prozesuari. Laster zabalduko da egitaraua, baina hemen xehetasun batzuk aurrerapen gisa.

Azken urteetan nabaria zen festa batzordearen funtzionamenduak hobekuntzak behar zituela, guztion artean eta guztion neurriko festak antolatze aldera. Horregatik, aurtengo jaien diseinu eta antolakuntzarako saioetan lanketa berezia egin da ahalik eta herritar multzo gehienei entzuteko, festen hartzaile eta parte-hartzaile diren moduan.

Horrela, herriko talde, eragile edo elkarteetako ordezkariak ezezik, norbanako ugarik parte hartu du saioetan. Azken hauen artean badira deialdi irekiari erantzunez etorri direnak, baina baita gonbidapen zuzena jaso zutenak ere, festen hartzaile eta parte-hartzaileen profil desberdinak saioetan izan zitezela ziurtatzeko.

Gai eta dinamika anitzez osatutako hiru lan saio egin dira, herritarren parte-hartze handiarekin eta entzutea izan da metodologiaren oinarri. 

Hirugarren eta azken saioa: gure balioak indartzera datozen festetarako prest!

Irailaren 14ko azken saioan, festen egitaraua eta guneen antolaketa itxitzat eman ziren eta Aske talde feministak eta udaleko berdintasun arloak ondutako protokolo feministaren berri eman zen, egitarauarekin batera zabalduko dena.

Bukatzeko, eta bide honetan murgildu diren guztiei eskerrak eman ondotik,  balorazio orriak bete eta plazara atera ginen festak irudikatzen dituzten hainbat elementurekin talde argazkia atera eta mokadutxoa jatera.

2022ko festa egitaraua: xehetasun batzuk

Laster emango da egitarau osoaren berri, baina hemen aurrerapen batzuk:

  • FESTA EGUNAK: urriak 5,6,7,8,9 eta 15erako osatu da egitaraua.
  • IZENDATUTAKO EGUNAK:
    • Urriaren 7a, ostirala MOZORRO EGUNA izango da
    • Urriaren 15a, larunbata KUADRILA EGUNA.
  • HERRI-BAZKARIAK:
    • Urriaren 8an, larunbata, PAELLA JANA izango da plazan, norberak bere paella plazan eginda edo etxetik egina ekarrita. Udalak suak, txotx-a eta ardoa eskainiko ditu, baita mahai, aulki eta edalontziak ere. Antolakuntza errazteko, izena eman beharko da urriaren 4a baino lehen Karreanen edo zaldibia.eus atarian jarriko den formularioa betez.
    • Urriaren 15ean, larunbata, KUADRILLA EGUNEKO BAZKARIA izango da plazan, eta ohi bezala txartelak herriko tabernetan jarriko dira eskuragai.
  • AMAIERA BEREZIA: bi urteko geldialdiaren ondoren, aurtengo festek amaiera berezia izango dute herritar batzuen proposamenetik abiatuz. Urriaren 15etik 16rako goizaldean, 6:30etik 8:30era bitarte, txaranga-kalejira izango da eta ondoren festei amaiera gozoa emateko txokolate-jana eta gaupaseroen argazkia. 
  • FESTA GUNEAREN ANTOLAKETA: honetan ere izango da berrikuntzarik. Nabarmenena plazan kokatuko den 20 x 15 metroko karpa handia izango da eta honi lotuta egokituko den oholtza, euria egingo balu ekintzak babesean plazan bertan egin ahal izateko. 

Aipatu bezala, laster emango da egitarau osoaren berri.

Zaldibiako Jaiak 2022: Herritik eta herriarentzat