Zer ari da gertatzen Gazteluko pistarekin

Zaldibiako Udal Gobernuak honako argipenak eman nahi ditu aste honetan izandako ekintzaren eta Gure baztarrak-en idatziaren harira. 

Astearte honetan jaso genuen Errekontara bidean jarri ziren harriak mugituak izan zirenaren albistea eta egun horretan bertan egindako Gobernu bileran, hainbat neurri hartzea erabaki zen:

  • Harriak berriro bere lekuan jartzea.
  • Herritarrei komunikatzea gai honetan egindako urrats guztiak eta harriak mugitu izanaren ekintza salatzea.
  • Auto-ibilgailuz herri-mendira sartzeko erabiltzaile baimena dutenei azalpen eta ohartarazpena ematea.

Pauso hauek ematen hasterako, ordea, Gure Baztarrak-en idatzi bat erregistratu eta zabaldu da. Egia ez diren hainbat adierazpen jasotzen dira bertan, eta guztiak argitu nahian honakoa adierazi nahi dugu:

  • Gazteluko pista deiturikoaren mantenu eta konponketa lanak egitea Zaldibiako Udaleko Ingurumen, Landa Garapen eta Lehen Sektorearen lan-arloko bileran adostu zen, urte askotan jaso diren eskaerei erantzunez. 2021eko aurrekontuak eta plangintza azaltzeko Herri-Batzarrean aurkeztu zen ondoren (2021-01-21) eta gauzatzen hasterako, aurrekontu zehatz eta guzti lan-arloko bileran onartu zen berriro (2021-02-24).
  • Bidea konpontzeko lanak 2021eko apirilaren 30ean hasi ziren, eta maiatzaren 15 alderako amaitu. Orokorrean balorazio ona egin eta jaso genuen egindako lanen inguruan, azken zatiaz, txaboletatik errekontarainokoaz izan ezik, bai lan-arlo kide batzuen aldetik, baita zenbait herritarren aldetik ere.
  • Horregatik eta idatzizko eskaera bat ere medio, Udal Gobernuak berriro hartu zuen esku artean gaia eta proposamen bat egin zien lehenik Gure Baztarrak-en idatzian aipatzen diren ingurugiroko kideei, eta segidan Ingurumen, Landa Garapen eta Lehen Sektoreko lan-arloko bileran (2021-09-29). Proposamena harrien bidez ibilgailuen joan etorria mugatzea izan zen eta bilerako partaide guztiak, tartean kide horiek, ados agertu ziren.
  • 2021eko urriaren 20an, Zaldibiako Udalak hainbat harriren bidez ibilgailuei muga jarri zien.
  • Azaroaren 1eko astean, erabiltzaile batzuk, harrien kokapena egokitzeko eskatzen dute, autoen pasabidea mugatuz, baina animalien pasabidea errazteko moduan. Udalak proposamena aztertu, egoki ikusi eta kontraste lanari ekiten dio.
  • 2021eko azaroaren 9an, ezezagunek harriak bere lekutik mugitu zituzten.
  • 2021eko azaroaren 11n Gure Baztarrak-en idatzia erregistratu zuen Udalean gaiari buruzko azalpenak ematea eskatuz.

 

Idatzi honekin gaiak izan duen ibilbidea azaldu nahi izan dugu, harriak mugitu izanari eta Gure Baztarrak-en idatziari erantzunez.

Gainera, honakoak ere gehitu nahiko genituzke:

  • Salatu nahi dugu harriak mugitu izanaren ekintza. Herri-mendia denona da eta bertan egiten dena arautu, bultzatu edo mugatzeko Ingurumena, Lehen Sektorea eta Landa Garapena deituriko lan-arloa du Udalak, herritar guztien partaidetzara irekia. Gaiak bertan landu eta adosten dira, tartean harriak jartzearena. Aldebakarreko ekintza honek hori guztia hankaz gora jartzen du eta horregatik ondorioak izango ditu. Udalak zer gertatu den argitzeko neurriak hartuko ditu eta ez du halakorik onartuko. 
  • Gai honekin eta beste askorekin orekaren eta elkarbizitzaren bila egin nahi izan den bidea azpimarratu nahi dugu. Adostasunak puskatzeak edota egia ez diren kontakizunak zabaltzeak ez dute bide horretan laguntzen.
  • Zaldibiako Udalak inbertsio ugari egin ditu eta egiten ari da Herri mendiaren zaintza eta babesa bermatzeko. Behin baino gehiagotan salatu dugu Olakosaiko langaren giltzarrapoarekin gertatu izan dena eta neurriak hartu ere bai. Besteak beste, giltzarrapoak ordezkatuz, botatako hesiak berreraikiaz eta udara honetan ahuntzen joan etorriari azkar eta taxuz erantzun zaio, erabiltzaileek auzolanean hesiak konponduaz. Bide horretan jarraituko dugu, ahal den guztian hobetzen.
  • Zenbakiei dagokionez, konparazio txiki baterako, Zaldibiako Udalak azken urtean biodibertsitatea zaintzea, lantzea eta babestea helburu duen proiektua burutu du, dagoeneko 34.490€ inbertitu direlarik, eta Gazteluko pistaren konponketa lanen kostua 19.702,26€koa izan zen. Horrez gain, beste hainbat ekimen burutu eta lagundu dira ingurumena lehen lerroan jarriz.

 

Beraz, hasieran aipatu bezala, Zaldibiako Udalak harriak berriro jarriko ditu ibilgailuen joan-etorria mugatzeko eta animalien pasabidea ahalik eta gutxien oztopatzeko moduan. Herri-mendiko erabiltzaileei azalpen eta ohartarazpena ere emango zaie.

Amaitzeko, deialdi zabala egin nahi dugu herritarrak udal batzorde eta lan-arloetan parte hartzera animatuz, gaiak jorratu, eztabaidatu eta gauzatzeko gune garrantzitsua direlakoan.

Zaldibian, 2021eko azaroaren 12an

ZALDIBIAKO UDAL GOBERNUA