Covid-19aren zabalpena saihesteko bidean bizi izan dugun itxialdi egoera arintzen doa pixkanaka. Azken asteotan, ordea, mezu eta arau nahasgarri eta kontrajarri asko eman zaizkio jendarteari. Herritarrek benetan garrantzitsuena dena ahaztu ez dezaten, “Zukati ta danokati, 2 metro eta eskuk garbi” kanpaina komunikatiboa jarri du abian Zaldibiako Udalak. Jarraian informazio gehiago.
“Zer egin dezakegu?, Zer ez? Zenbat aldiz? Noiz?”… Nahaspila handia sortzen ari den egoera honetan, funtsezkoa iruditzen zaigu herritarrek mezu argiak jasotzea eta batez ere, bizimodu honetara egokitzeko herritarrak ahalduntzea.
Osasun adituek argi diote: sintomak antzematen dituztenek, etxean bakartu eta dagokion osasun zentrora deitu behar dute. Gainontzekoek, prebentzio neurriak bete: eskuak maiz-maiz garbitu eta etxekoak ez direnekiko 2 metroko distantzia mantendu. Horrela babesten da norbera eta babesten gara denok.
Zaldibitar eran emandako mezu honekin batera, hainbat herritarrek hilabeteotan bizi izan duten errealitatea azaltzen duten bideoak plazaratuko ditu Udalak aldizka-aldizka. Kanpaina honen helburua argia da: gaitz bat dugu aurrean eta herritarrek bi ideia nagusiak argi izanik (2 metro eta eskuak garbi), lortuko dugu aurrera egitea.
Beraz, “zukati ta danokati, 2 metro eta eskuk garbi”.