2023ko festak: balorazioa

Azaroaren 3an egin zen festetako balorazio irekia: egitarauko ekintzak, zeharkako gaiak, jai egutegia. Jarraian udalaren balorazioa eta festa egunei buruzko iritzi bilketako emaitzak ikusgai.

 

Festetatik gaur arte jasotzen goazen datu eta iritziak ikusirik eta azaroaren 3ko balorazio bilera irekian bildutakoak kontuan izanik, 2023ko festei buruz honako balorazioa egin du udalak:

BALORAZIOA:

Urtero bezala, jai batzordetik, Zaldibiako festak antolatu eta aurrera eraman ditugu. Zer nolako festak gainera! Eskerrik asko festen antolaketan aritu zareten guztioi, Zaldibiako festak herritik sortuak baitira eta herriarentzat.

Nahiz eta aste batzuk igaro diren, ez dira erraz ahaztekoak izango musikaz, dantzaz, hartu-emanez, jan-edanez, pozez, auzolanez… beteriko egunak. Festa jendetsuak izan ditugu aurten eguraldia ere lagun. Eskerrik asko Zaldibiako festak jai politak izan zitezen era batera edo bestera parte hartu duzuen guztioi.

Lehengo astean egin genuen jai batzordean aurtengo festen balorazioa eta orokorrean balorazio positiboa egin zen: bai aurreko prestaketena, bai egitarauko ekintzena eta baita ezinbestez festetan ere kontuan izan behar diren gai ugarirena ere.

Datozen asteetan ere jasotzen joango gara eragileen eta herritarren balorazioak datorren urtean kontuan izateko.Izan ere, balorazioa ona izanagatik beti izaten da zer hobetua, noski. Eta garrantzitsua dela uste dugu hori mahai gainean jartzea ere, aurrera egiteko.

Urteroko ohitura bihurtzen ari direla dirudi hainbat jokaera, zuzenean edo zeharka herritar guztioi eragiten digutenak gainera: Artxanberriko harria mugitzea, komun publikoak petardoz lehertzea, plaza inguruko lorontzietatik landareak ateratzea, edalontziak jaurti edo puskatzea, pintaketak… Bestetik, izan ditugu jarrera matxista eta probokatzaileak ere, festa giroa tentsionatu dutenak.

Urtez urte eta festa aitzakiaren bueltan errepikatzen diren jokabide  hauen aurrean, behin eta berriz esango dugu indarkeria eta elkarrekiko errespetu eza oinarri duten adierazpenek ez dutela lekurik Zaldibian. Ez festetan, ez bestela ere.

Aipatu nahi genuke hurrengo urteko festei begira gaudela jada, balorazioak jasoz, eta mantendu eta hobetu beharrekoak zerrendatuz. 2024an ere izango da Zaldibian auzoetako eta herriko jaiez gozatzeko aukera.

Egutegian kokatzen goaz jadanik festa egun horiek. Saturdiko festak data berria izango duela dirudi. Herriko festei dagokionez, berriz, iritzi bilketako informazioa eskuan, ostiraleko saioan finkatuta geratu ziren 2024ko festa egunak: urriaren 3, 4, 5, 6 eta 12an ospatuko dira (urriko lehen ostegunetik igandera eta bigarren asteburuko larunbata). Behean ikusgai dago balorazio bileran azaldu zen iritzi bilketaren laburpena.

Gainera, festen antolakuntzako lehen bilera 2024ko otsail-martxoa aldera deitzea ere adostu zen balorazio bileran, hainbat erabaki ohi baino lehenago hartzea komeni dela ikusi baita.

Bukatzeko, ez dugu azpimarratu gabe utzi nahi auzo eta herriko festek eragile eta herritar askoren bultzada eta sostengua behar dutela. Elkarlanera lotzen zareten guztioi eskerrak eman nahi dizkizuegu eta deia ere zabaltzen dugu geroz eta gehiago izan gaitezen.

Hobe delako askok gutxi, gutxik asko baino. Antolakuntzaz festa eta festaz antolakuntza.