2024ko festak: balorazioa

Azaroaren 6an egin zen festetako balorazio irekia: egitarauko ekintzen banakako eta zeharkako gaien balorazioak,  eta 2025 jai egutegia izan ziren landutako gaiak. Jarraian aurtengo festei buruz eta balorazio saioan aipatutakoak kontuan izanik Udalak egin duen irakurketa. 

 

Joan ziren 2024ko herriko festak eta lehengo asteko balorazio saioarekin eman genion itxiera urteroko bideari: festen prestaketa lanak egin, festak burutu eta gozatu, eta amaitzeko baloratu.

Hasteko beraz, eskerrik asko festen antolaketa bide honetan zehar era batera edo bestera zuen ekarpena egin duzuen guztioi. Beti errepikatzen dugun esaldia da, baina esan gabe utzi ezin dena. Biba zuek!

Eguraldia lagun izan da oro har eta herritarren arteko hartu-emanez, musikaz, dantzaz, jan-edanez eta elkarbanatutako poz eta minez gozatzeko aukera izan dugu festetan. Ez dira izan festa oso jendetsuak, hala da, eta badirudi eguneko festa (bi larunbatetako bazkariak bereziki aipagarriak, 450na lagunekoak) indartzen doala. Datozen urteetan ere kontuan hartu beharko dira jendartearen joerak egitaraua osatzerako orduan.

Kantitateaz gain kalitatea neurtzea ere garrantzitsua da. Balorazio saio irekian orokorrean positiboki baloratu dira aurtengo festak eta bereziki hiru aspektu baikor nabarmendu nahi genituzke:

  • Herritar eta eragileen ekarpena herriko festetan ekintza ezberdinak antolatuz. Zaldibiako festak herritik sortuak baitira eta herriarentzat. Gaur egun geroz eta herri gutxiagotan ikusten da tamalez elkarlan eta auzolan ariketa hau. Eutsi diezaiogun horri!
  • Gaztetxoen ekarpenak jaso eta festetako ekintzetan parte hartzeko bideak jarri dira aurten eta  oso positiboki baloratu da beraien parte hartzea. Entzute eta partaidetza bide hauek baliagarri izan daitezke bestelako kolektiboekin ere: haurrak, gazteak, jubilatuak, emakumeak, jatorri atzerritarreko herritarrak… Jai batzordean beti presente izan beharrekoa, zalantzarik gabe.
  • Festak eta jasangarritasuna uztartzeko ahalegina eta izandako emaitzak aipatuko genituzke. Urte asko dira festetan ere hondakinak ez sortzea, berrerabilpena sustatzea eta birziklatzea helburu hartuta ari garela. Aurtengo festetan edalontzi berrerabilgarriak ordainpekoak izan dira eta bikoiztu egin da festak amaituta berreskuratu den edalontzi kopurua. Horretarako ezinbestekoa izan da herritar, taberna eta txoznen inplikazioa eta zalantzarik gabe eskertzekoa.

Ordea, izan dira aurten ere jokaera desegokiak eta pertsona zein herri-baliabideei eginiko erasoak, eta hauetaz ere hitz egin behar da. Bereziki aipatu nahi genuke Udalak eta Askek urriaren 21eko adierazpenean salatu genuen eraso matxista. Bertan aipatutakoak berresteaz gain, kezka handia sortzen digute festen testuinguruaren aitzakian indar hartzen duten jarrera matxistek. Horren aurrean emakumeen ahalduntzean pausoak ematen jarraitzea eta gizonekin bestelako maskulinitate ereduak lantzea dira prebentziorako neurri eraginkorrenak, eta Udaletik baliabideak jarriko ditugu horretarako.

Datozen asteetan ere jasotzen joango gara eragileen eta herritarren balorazioak hurrengo urtean kontuan izateko. Izan ere, balorazioa ona izanagatik badago zer hobetua, noski.

Bukatzeko, 2025ko festei begira ere jarri ginen balorazio saioan. Urriaren 2, 3, 4, 5 eta 11 (urriko lehen ostegunetik igandera eta bigarren asteburuko larunbata) proposatu ziren festa egun gisa eta irekita utzi zen urriaren 6a (2025ean astelehenez egokituko dena) ekintzaren bat antolatzeko. Gainera, festen antolakuntzako lehen bilera 2025eko apiril hasieran (udaberriko oporren aurretik) deitzea ere adostu zen.

Gozatutakoak gorputzean eta hobetzekoak buruan, gora Zaldibiko festak!