Antzerki tailerrak: antzerkia baino gehiago

Azaroan hasi zuten ikasturtea Kristina Ropero antzerki gidariarekin LH 4, 5 eta 6, DBH 1 eta 2ko hainbat herritarrek. Otsailetik helduen taldea ere martxan da eta maiatza hasieran taularatuko dute emanaldia.

 

Aurten bost urte beteko dira Lardizabal Eskolako Kulturartekotasun eta Elkarbizitza batzordetik abiatuta, "Zurrumurruak" antzezlana taularatu zenetik. Ordutik, pandemiaren urtea salbuespen, antzerki tailerra eskaini du Kristina Ropero adituak eskolaz kanpoko ekintza moduan.

Ikasturte honetan ere, deialdi zabala egin ondoren, azaroan ekin zioten Lehen Hezkuntzako 4, 5 eta 6. mailako ikasleek eta baita DBHko 1. eta 2. mailakoek ere, Ausa Gaztelu Guraso Elkartearen eta Udalaren laguntzarekin. 48 ikasle daude aurten eta tailerra doakoa da adin txikikoen kasuan.

Helduen taldea osatzeko deialdia ere egin zen eta otsailean ekin diote 8 kidek antzezteari. Informazioa behar duenak Karreane Kultur Etxean du informazioa eskuragarri, oraindik taldean sartzeko aukerarekin.

Egindako lanaren emaitza azaltzeko, maiatzaren 9an eskainiko dute emanaldia, Zaldibiako Herri Antzokian.