Atzo egin zen batzarrean hartu zen erabakietako bat izan zen hori. Urtero ekaina aldean bildu ohi da jai batzordea, baina bizi dugun egoera ziurgabea medio, irail hasieran biltzea egokiago ikusi zen. Hala, atzo izan zen batzarra eta herritar zein herriko eragile eta taldeetako ordezkari ugari izan ziren bertan, Udalak egindako deiari erantzunez.
Izan ere, asko dira herriko jaien bueltan inplikatutako eragileak, hala egitarauaren baitan nola festa-gunea osatzen ere. Bileran ziren honako eragile guztietako ordezkariak: Iztueta Dantza Taldea, Txanbolinteroak, Beti Gazte Elkartea, Ausa Gaztelu Guraso Elkartea, Etxekonekok Elkartea, Aske taldea, Bertso Eskola, Zapiak Bat Elkartea, Almitza Sega Elkartea, Etxerat Elkartea eta Presoen lagunak, Zaldibiako Gazte Asanblada, Ardiki Kofradia, herri-guneko ostalariak, Gaztelu eta Zubi-Buru Elkarteak.
Ordubete inguru iraun zuen batzarrak bi zati izan zituen. Lehen zatian, herriko festak bertan behera uzteko erabakia hartu zen. Covid-19aren zabalpena ekiditeko neurriak eta herriko festak ez dira bateragarriak, eta gaur egungo egoera zein gainontzeko herrietan festen inguruan hartu diren erabakiak kontuan hartuta, ezin izan da beste erabakirik hartu. Beraz, aurten ez da herriko festarik ospatuko Zaldibian.
Batzarraren bigarren zatian, erabaki horren ondorioak izan ziren hizpide. Izan ere, festak bertan behera uzteak hainbat kalte sortuko ditu. Udalak azaldu zuenez, herriko festek orokorrean hiru helburu eta eragin nagusi dituzte:
Festak bertan behera uzteak, beraz, kalteak eragingo ditu eremuotan eta hauek nolabait arintzeko ekintza-programa bat egiteko proposamena landu zen. Hainbat dira irudimenez eta elkarlanez kalte hauek arintzeko egin daitezkeen ekimenak, gaur egungo osasun neurriak betez. Ekimen hauetara bideratuko da festetako diru-partida eta hainbat ekintza udal batzorde eta lan-arloetatik garatutakoak izango badira ere, herriko eragile eta talde bakoitzari luzatu zaie eskua denon artean udazkeneko ekintza-programa osatzeko.
Batzarraren amaieran, bertaratutako guztien talde-argazkia atera zen, hain zuzen azalpen hau lagun, erabakiaren berri emateko. Beraz, ez da festarik izango aurten, baina erabaki horren kalteak arintzeko hainbat ekimen egingo dira, egoerak baimentzen duen heinean behintzat.
Arduraz jokatzeko unea da, baita elkarlanean aritzekoa ere. Jarri zure hazia, ZALDIBIA HERRI BIZIA!