Zentraleko putzuan iaztik hasita dauden lanei segida emango zaie bihar, goizetik hasita. Adituek bertako espeziak landatuko dituzte lehen egurrezko egiturak zeuden tokietan. Ibilaldia eginez gerturatzen zareten herritarrek, lanak bertatik bertara ikusteko aukera izango duzue.
Arkakako zentral hidroelektrikoan turbinatzen den ura errekara isuri aurretik biltegiratzeko urtegia (Zentraleko putzua), egitura artifiziala izan arren, hainbat animalia taldeentzat oso garrantzitsua da (ibai karramarroak, anfibioak, saguzarrak, etab.).
Urtegiaren inguruan arrantza-eskola eraiki zeneko egurrezko egiturak kendu ziren iaz, eremu hau lehengoratzeko lanei hasiera emanez. Ondoren, eremuaren naturalizaziorako, lurra berdindu zen eta bihar, urtarrilaren 23an, bertako espezieen landaketak egingo dira berreskuratu diren eremu horietan. Hala, lehen aipatutako animalia taldeen habitat baldintzak hobetzea da asmoa.
Bihar goizean zehar egingo dira lanak eta bertan zuzenean ikusteko aukera izango da, baita azalpenak jasotzekoa ere, landaketak egingo dituzten adituek azalduko dutelarik lana zertan datzan eta zein den helburua.
Baso Habitatak lehengoratzeko proiektua ekintza gehiago ere biltzen ditu, 2021. urtean zehar garatuko direnak. Hemen duzu informazio osoa.