Bihartik txikienen ordubeteko irtenaldiaren harira

Zaldibiako Udalak zaldibitar txikienei zuzenduriko ondorengo mezua plazaratu du.

Kuku lagunak!

Pasa den asteko ostiraleko burrunbadaren ondoren eta geroztik zuek, adituek, hezkuntza eragileek eta familiek egindako lanaren ondorioz, bihartik kalera atera ahal izango zarete. 

Eskertzekoa da 6 asteotan erakutsi duzuen jarrera, neurri zorrotzenak zuen gainean erori baitira.

Bihartik aurrera behintzat, ordubetez kalera ateratzeko aukera izango duzue eta horrek zuen garapenean eta etxeko oreka eta giroan, konfinamendua eragiten ari den kalteak arintzeko balioko duela ziur gaude. 

Familietan egin den lanaren ondorioz, honezkero badakizue zer den kalera ateratzean egin ezin duzuena; parkean jolasterik ez, lagunak besarkatzerik ez, urrutira joaterik ez… Ez dugu indarra horretan jarri nahi. Guk azaldu nahi dizueguna da zer egin dezakezuen. 

Jolastu, ibili, eguzkia ateratzen bada bere indarrak hartu, putzuak badaude busti, zuhaitz artean izkutatu, erreka eta amorrainak ikusi, atera bizikleta edo patinetea, korri egin..aske sentitu!

Zaldibik horretarako aukera ugari eskeintzen dizkigu; parke botanikoa, eliza atzeko bidea, unanita aldeko paseoa,etb. Ibilaldi txikiak itteko aukera ere badago, Udaleko web orrian erreferentzia batzuk aurkituko dituzue hala nahi izanez gero.

Beldurrik ez izan, naturak ez du kutsatzen eta! Hainbestetan entzun ditugun neurriak hartu eta lasai atera, badakigu arduratsuak izango zaretela.

Denon artean gaindituko dugu! Gozatu eta zoriontsu izaten jarraitu!

ZALDIBIAKO UDALA

 

SOS HAURRAK

  • Zaldibiako Udalaren mezua haurrei.mp3