Eskola inguruko jolas eta atseden-guneak eraldatzeko bidean, beste esku-hartze bat jarri da martxan. Kanpo espazioko batzorde mistoan landuta eta diru-laguntzak eskuraturik, eskola eraikinaren eta kirol-zelaiaren arteko zirrindan abiatu dira lanak. Jarraian informazioa.
Azken urteetan umeei ikaskuntza prozesuan laguntzeko moduak eguneratuz joan dira, baina eskolako jolastokiaren egitura eta diseinuak ez du bilakaera bera izan. Espazioaren zati handi bat kirol jakin batzuetan aritzeko bakarrik erabili izan da (batez ere pilota eta baloiekin jarduteko lehia jokoak). Egoera horrek dakar erabilera ez ekitatiboa izatea: erreproduzitu egiten dira genero-kulturen definizioa eta nesken eta mutilen arteko desparekotasunak indartzen dituzten rol, botere harreman eta jarrerak, eta, horrekin batera, bazter batean geratzen dira ikaslerik ez aktiboenak.
Azken ikasturteetan, parte hartzeko prozesu baten bidezko jolastokiaren eraldaketaren inguruko nahiak indarra hartu du eta horren inguruko hausnarketa eta sentsibilizazioa bultzatu da, batik bat eskolako kanpo espazioaren batzorde mistoan. Hortik eratorrita eraldaketa txikiak eginez joan gara urtez urte eskola inguruan, gure baliabideen eta egindako lanketaren araberako pausoak emanez, poliki, baina etengabe. Rokodromoa, iglua, hondartegia, mahaiak, eskola-aurreko jolasgunea, igogailu kaxako murala...
Oraingoan, eskolako eraikinaren eta kirol-zelaiaren artean egingo da esku-hartzea. Kimu Bat enpresak gauzatuko du, 20.174,30€koa + BEZ-ean esleituta. Proiektu honetarako Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko "Patio Inklusiboen" diru-laguntza eskuratu da, 17.058,33€koa.
Eremu berrian, zorua pasabidearen mailan jartzeaz gainera, honako lanak egingo dira:
Frontoiko ertzean, harri-xehetuzko zorua jarriko da bertan piruetako barrak jarriko dira fitness elementu gisa. Segidan harri trinkotuzko zorua jarriko da amaierako ertzera arte eta bertan ping-pong mahai bat jarriko da eta auzolanean eraikiko da gainontzeko eremua. Luzeran bi aldetara esertzeko egokiak diren bi eserleku luze jarriko dira. Eta bukatzeko, errekaldera, zuhaitzaren ondoan eta bertan dagoen koxka aprobetxatuz, mahai irisgarria eraikiko da.
Lanak hasita daude eta otsailaren 29a baino lehen amaitzea espero da.