Familiako baratzeetan lan egin daiteke, beharrezkoa den denboran betiere

Azoken debekuaren eta hura bertan behera geratzearen ondoren, baratzeetako lanei buruz irizpide berriak argitaratu ditu Eusko Jaurlaritzak apirilaren 15eko agirian, aurrekoak baina malguagoak. Hala, ereitea edo landatzea bezalako lanak ere baimentzen dira.

Covid19 birusak sortutako egoera dela eta, herritar askok galdetu dute ea baratzeetako lanak egin daitezkeen edo ez. Eusko Jaurlaritzak alarma egoerari buruzko irizpideak azaltzeko apirilaren 15ean igorritako agirian baietz dio, ordura arteko irizpideetan ez bezala. Halaxe dio, hitzez hitz:

Familiako baratzeetan lan egin ahal da?

Bai, baldin eta hara joateko eta bertan egoteko behar-beharrezkoa den denbora baino hartzen ez bada. Horretaz gain, Osasun Agintaritzak ezarritako neurriak bete behar dira. Bigarren bizilekuan dauden baratzeak ez dira baimen honen barruan sartzen.

Elikagaiak jaso ahal dira, mantentze-lanak egin, eta lurra erein eta landatu aurretiko prestaketa-lanak egin ahal dira, baita lurra landatu, erein, ureztatu eta ongarritu ere.

Lurzoruan bertan edo hor dauden instalazioetan (behin betikoak zein aldi baterakoak izan) ezin da inolako ekitaldirik edo ospakizunik egin.

Beraz, kontrakorik jakinarazten ez den bitartean, familia baratzeetan lan egin daiteke.

 

Hilerri gaineko herri-baratzeak

Herri baratzeetako erabiltzaileei gaiari buruzko informazioa eman die udalak eta agiri bat egin die joan-etorria justifikatzeko.