Faseen kudeaketa Autonomia Erkidegoen gain dago hemendik aurrera eta atzo argitaratu zen EAEko Agintaritzaren Aldizkarian Eusko Jaurlaritzak gaurtik aurrera egin dituen egokitzapenak, betiere aurreko dekretuetan ezarritako neurriek indarrean jarraitzen dutela aintzat hartuz.
Hemen duzue Eusko Jaurlaritzaren dekretua, 2020ko ekainaren 7an argitaratua:
Zirkulazio askatasuna:
Herritarrak mugarik gabe mugitu ahal izango dira Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde-esparruan.
Jarduera eta establezimenduak:
1.– Familia- eta gizarte-bilerak: gehienez ere hogei laguneko familia- eta gizarte-bilerak egin daitezke, etxebizitzetan eta lokal pribatuetan edo erabilera publikoko gune irekietan, babes-arauak eta pertsonen arteko gutxieneko bi metroko tartea errespetatuz betiere.
2.– Merkataritza-establezimendu eta -lokalak, txikizkariak, azoka txikiak, merkataritza-zentro eta -parkeak: gehieneko edukiera % 60koa izango da, eta edukiera hori errespetatu egin beharko da espazio komunetan eta jolas-espazioetan ere, halakorik badago.
3.– Ostalaritzako establezimenduak eta zerbitzuak, jatetxeak, txokoak, elkarte gastronomikoak eta hotel eta ostatu turistikoetako gune komunak: edukiera-muga kentzen da, baldin eta mahaien edo, hala badagokio, mahai-multzoen artean bi metroko tartea bermatzen bada. Barrura sartzea eta barran zerbitzua ematea baimentzen da, bezeroen edo bezero-taldeen artean bi metroko tartea gordez gero.
4.– Hoteletako eta ostatu turistikoetako gune komunak: gehieneko edukiera % 60koa izango da, babes-arauak eta pertsonen arteko gutxieneko bi metroko tartea errespetatuz betiere.
5.– Turismo aktiboko eta naturako jarduerak eta jarduera fisikoa: jarduera horiek gehienez 30 pertsonarekin egin ahal izango dira, babes-arauak eta pertsonen arteko gutxieneko bi metroko tartea errespetatuz betiere.
6.– Itxita egongo dira diskotekak eta gaueko aisialdiko tabernak.
Kontziliazioa eta astialdiko jarduerak:
1.– Baimena ematen da haurtzaindegiak eta 3 urte arteko haurrentzako haur-eskolak zabaltzeko, tokiak ahalmenaren edo ohiko gehieneko ratioaren % 60ra mugatuta.
2.– Berriro ekin ahal izango zaie haurrentzako eta gazteentzako astialdiko jarduerei, erakunde eskudunek ezarritako arauei jarraituz eta edukierari buruzko muga hauek betez:
a) Jarduera aire zabalean egitekoa denean, jarduerako parte-hartzaileen gehieneko ohiko kopuruaren % 60ra mugatuko da parte-hartzaileen kopurua, eta, betiere, berrehun izango dira gehienez, begiraleak barne.
b) Jarduera leku itxietan egitekoa denean, jarduerako parte-hartzaileen gehieneko ohiko kopuruaren % 60ra mugatuko da parte-hartzaileen kopurua, eta, betiere, laurogei izango dira gehienez, begiraleak barne. Batean zein bestean, jarduerak iraun bitartean parte-hartzaileak taldeetan antolatu beharko dira, eta taldeok hamabost lagunekoak izango dira gehienez, begiraleak barne.
Lurreko garraioak:
Bidaiarien trenbideko eta errepideko garraioan, garraio hori hasi eta buka Euskal Autonomia Erkidegoaren barrukoa baldin bada, % 100ean berreskuratu ahal izango dira zerbitzuaren maiztasuna eta edukiera, baina bidaiariek maskara jarri beharko dute nahi eta nahi ez ibilbide osoan, eta ahaleginak egingo dira bi metroko segurtasun-tartea utz dezaten elkarren artean.
Azoka-esparruak. Azoka-esparruak erabili ahal izango dira hautaketa-, prestakuntza- edo hezkuntza-prozesuekin lotutako azterketak eta probak egiteko. Leku guztiz garbietan egin beharko dira, eta baimendutako gehieneko edukieraren % 60 beteko dira, gehienez, erabiliko diren gune edo aretoak. Babesteko arauak betez eta elkarren artean bi metroko gutxieneko tartea utziz egingo dira azterketak.
Hezkuntza.
1.– Berriro hasiko da aurrez aurreko hezkuntza- eta prestakuntza-jarduera Ibaiondo adingabeentzako zentro itxian eta ospitaleko eta etxeko hezkuntza-arretarako eta arreta terapeutiko-hezigarrirako lurralde-zentroetan.
2.– Unibertsitateko hezkuntza- eta prestakuntza-esparruan, Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako unibertsitateek aurrez aurreko jarduera akademikoak egin ahal izango dituzte, baldin eta jarduera horiek aurrez aurrekoa ez den beste modu batean ezin badira egin. Era berean, malgutu eta aurrera eraman ahal izango da etengabeko prestakuntzaren, ofizialak ez diren titulazioen eta profesionalentzat den jarduera.
3.– Bikaintasuneko ikerketaren esparruan, bai eta gainerako laborategietan eta ikerketarako eta administraziorako laguntza-zerbitzuetan ere, guztiz baimentzen da han bertan jardutea lanean.
4.– Araututako jarduera guztiak osasun-, segurtasun- eta higiene-neurriak eta babes-arauak betez eta pertsonen artean gutxieneko bi metroko tartea utziz egingo dituzte bai erabiltzaileek eta bai langileek.
Kultura-esparrua. Kulturaren esparruan, gehienez hau izango da edukiera artikulu honetan aipatzen diren jardueretarako:
1.– Liburutegiak: baimendutako edukieraren % 60 izango da gehienez edukiera, eta babes-arauak bete beharko dira eta pertsonen artean bi metroko gutxieneko tartea utzi. Baimenduta egongo da mailegatzea, kontsultak egitea eta han bertan irakurtzen gelditzea, bai eta ikasteko gelak zabaltzea ere. Liburutegien arteko maileguak ekainaren 15ean hasiko dira. Erabiltzaileek itzultzen dituzten gauzak, gutxienez, astebete bereizita egongo dira.
2.– Museoak eta erakustaretoak: baimendutako edukieraren % 60 izango da gehienez edukiera.
3.– Zinemak, antzokiak, auditoriumak, karpapeko zirkuak eta kultura-ekintza eta -ikuskizunetarako beste establezimendu edo guneak: baimendutako edukieraren % 60 izango da gehienez edukiera, eta jarlekuak aurrez esleituko dira. Artista-taldeei dagokienez, ikuskizunak irauten duen bitartean baimenduta egongo da interpreteen arteko interakzioa.
4.– Leku itxietako kultura-jarduerak: baimendutako edukieraren % 60 izango da gehienez edukiera, eta, betiere, laurogei lagun sartuko dira gehienez; jarlekuak aurrez esleituko zaizkie.
5.– Aire zabaleko kultur-jarduerak: baimendutako edukieraren % 60 izango da gehienez edukiera, eta, betiere, mila lagun sartuko dira gehienez; jarlekuak aurrez esleituko zaizkie, eta babes-arauak bete beharko dira eta pertsonen artean bi metroko gutxieneko tartea utzi.
Kirola:
Artikulu honetako kirol-instalazio eta -jardueretan, gehienez hau izango da edukiera:
1.– Kirol-instalazioetan, igerilekuak barnean direla, baimendutako edukieraren % 60 izango da gehienez edukiera. Aldagelak eta dutxak erabili ahal izango dira, babes-arauak betez eta pertsonen artean bi metroko gutxieneko tartea utziz.
2.– Baimena ematen da taldean entrenatzeko, eta kirolarien arteko interakziorako, arraunean, aulki finkokoan eta pilotan, diziplina guztietan, ekainaren 20tik aurrera lehiaketen hasiera presta dezaten.
3.– Gainerako kirol-diziplinetan, orain ere baimena dute taldean aritzeko eta entrenatzeko, babes-arauak bete eta pertsonen artean bi metroko gutxieneko tartea utziz gero.