Hobeki elkarteak biohondakinen kudeaketaren inguruko jardunaldiak egingo ditu otsailaren 17an

Udal-teknikari eta zinegotzientzat prestatutako saioak diren arren, interesa duen edonork eman dezake izena: aurrez aurre eta ‘streaming’ bidez izango da.

Biohondakinen kudeaketaren inguruko jardunaldiak egingo ditu Hobeki elkarteak Oñatin (Gipuzkoa), otsailaren 17an. Elkartearen esanetan, biohondakinak hiri-hondakinen %40 dira, eta, beraz, hori egoki kudeatzearen garrantzia “ikaragarria” da. Hori dela eta, hainbat aditu gonbidatu dituzte horren inguruan hitz egiteko. Udaletako teknikari eta zinegotzientzat prestatutako saioak diren arren, edonork eman dezake izena Hobekiren webgunean. Saioak aurrez aurrekoak izango dira, Oñatiko enpresaritza fakultatean, eta streaming bidez emango dituzte aldi berean: izena emateko orduan bata edo bestea zehazteko eskatu dute.

Hondakinen kudeaketaren garrantziaz jabetu eta herri-erakundeek arduraz eta erantzukizunez jokatzeko betebeharra beren egiten dute Hobeki elkartea osatzen duten Euskal Herriko udalek, tartean Zaldibiako Udala. Hala, praktika onak sustatzeko asmoz, herrien artean saretu eta hondakinen kudeaketa hobetzen jarraitzeko pausoak emateko bitartekoak eskaini ohi ditu. Oraingoan, esaterako, biohondakinen kudeaketaren inguruan arituko dira.

Joseba Santxezekin Euskal Herriko egoera zein den hobeto ezagutzeko aukera izango dute: kudeaketa egoki baten aukerak eta erronkak aurkeztuko ditu. Jarraian, konpostajearen Pontevedrako Suspertze Planaren inguruan hitz egingo du Carlos Perez Losadak: biohondakinen tokiko kudeaketak dituen aukerak aztertuko dute haren laguntzarekin. Horrez gain, Austriako biohondakinen kudeaketa eredua ezagutuko dute Florian Amlinger adituarekin. Bukatzeko, Euskal Herriko hainbat praktika eta esperientzia interesgarri azalduko dituzte, eta Adunako hondakinen eredua ezagutuko dute Josu Amilibiaren eskutik.

Edozein zalantza izanez gero, elkartera mezu bat bidaltzeko eskatu dute, info@hobekielkartea.eus helbidera idatzita.