Hondakinen tasan aldaketak, hobekien birziklatzen dutenentzat hobariak/bonifikazioak

Pasa zen irailean aurreratu bezela, Zaldibiako Udala pausoak ematen ari da gehien birziklatzen duenari hobariak edo bonifikazioak eskaini ahal izateko. Aldaketa zehatzen inguruko xehetasunak oraindik plazaratuko ez ditugun arren, pauso hori prestatzeko hondakinak kalera ateratzeko erabiltzen ditugun kuboak behar bezala izendatzera goaz atez ate apirilaren 29an hasita.

 

Erraz ulertzeko moduan azalduko dizuegu: hondakin gehien sortzen duenak gehien ordainduko du eta gutxien sortzen duenak gutxiago, baina nola?

Hobekien birziklatzen duena eta hondakin gutxien sortzen duena saritu nahi dugu, hondakinen tasan %15eko bonifikazioa izatera iritsi ahalko da. Horregatik beharrezkoa izango da hondakinak beti dagokien kuboetan ateratzea.

Aurrerago eta zehatzago azalduko dugu hondakin tasaren kalkuloak nola burutuko ditugun, baina aurreratu dezakegu kuboak behar bezala izendatuak izatea beharrezko izango dela hobari edo bonifikazioak lortzeko.

Hondakinak kuborik gabe ateratzen dituenak ezingo du hobaririk jaso, horregatik aste santuko oporretatik bueltan, apirilaren 29an hasita, Sasieta Mankomunitatea eta Udala etxez etxe pasako dira hondakinak birziklatzeko kuboak irakurtzera eta beharko balitz ordezkatzera.

ZER ESKATZEN DA?

Hondakinak kalera ateratzeko erabiltzen diren kuboak norberaren etxeko atearen kanpo aldean uztea. Zehazki kalera ateratzen ditugun kubo hauek.

Oharra: Kuboak irakurtzera OSTIRAL eta LARUNBATetan pasako dira eta irudiko kubo hauek utzi beharko dituzu zure etxeko atean.

ZERTARAKO?

Kuboaren zenbakia eta txipa behar bezela daudela ziurtatzeko eta kokapen pegatina bat jartzeko. Sasietako langileak atez ate pasako dira eta horretarako behar bezala identifikatuak joango dira.

NOIZ?

Apirilaren 29an hasita, eremuz eremu egingo dira irakurketak eta astebeteko aurrerapenarekin portaletan jarriko den bando bidez jakinaraziko da zein egunetan utzi behar diren kuboak etxe sarreran.

 

Zaldibian, 2022ko apirilaren 25ean.

Informazio gehiago: