Kafe-kapsulak birziklatzeko edukiontzia jarri da

Aurrerantzean kafe-kapsulak bereizita birziklatu ahal izango dira Zaldibian ere. Mediku-etxearen aurrealdean jarri da edukiontzia arropa, pilak eta olioa biltzeko edukiontzien ondoan. Edozein kafe-kapsula mota bota daiteke bertara eta bere horretan utzi behar dira, hustu gabe: berdin plastikozkoak, aluminiozkoak zein konpostagarriak.

 

Hauek birziklatuz paperontziak, kuboak, edukiontziak, hesiak eta hiri-altzariak egiteko listoiak lortuko dira, besteak beste. Kafe kapsulak birtziklatzeko jarri den edukiontzia bera ere, 7.500 kafe kapsulaz fabrikatutakoa da.

Esan bezala, edukiontzi berri honetan hustu gabe bota daiteke kapsula. Izan ere, kafe-hondarretatik hainbat gauza lor daitezke: hazi bolak, ernetzeko prest dauden haziekin nahastutako substraktua eta landareak edo perretxikoak hazteko kafe hondarren substratua, adibidez. 

Dena den, gogorarazi behar da ohiko kafeteran edo lapikoan kafea eginez gero hondakin gutxiago sortzen dela eta ondorioz birziklatzea errazten dela. Alegia, hondakinik onena, sortzen ez dena.