Ikasturte honetan Agenda 2030 egitasmoaren barruan Energiaren eta zehazki Erroten gaia landu dute Lardizabal Eskolan. Lehen Hezkuntzako maila guztietako ordezkariak udaletxean izan dira Ioritz Berra alkateari egindako lanaren berri ematen.
Energia eta Zaldibiako Errotak landu dituzte aurtengo ikasturtean Lardizabal Herri Eskolan eta gaur goizean, ikasleen ordezkaritza zabala alkatearekin bildu da burututakoa azaldu eta aldizkaria eskura emateko.
Maketak ere ekarri dituzte ikasleek, maiatzaren amaieran ERAKUSKETAN ikusgai jarri zituztenak, eta bideoa ere ikusi dute elkarrekin. Ikasturte osoan zehar zabaldu den lanketa izab da, Lehen Hezkuntzako maila bakoitzean euskarri eta lan desberdinak eginez, proiektu bateratu bat garatu dutelarik. Erroten Egunaren harira, Kanpaingo errota martxan ikusi ahal izan zuten ikasleek eta herrian zehar hainbat txango egin dituzte erroten arrastoen bila.
Hamaiketako txiki bat eginda eta opor irrika barnean, datorren ikasturtean beste gai baten lanketa egiteko prest azaldu dira ikasleak.