Martxan da karga-puntu elektrikoa Artxanberri kalean

Obra eta batik bat tramitazio-aldi luzearen ondoren, martxan da Artxanberri kalean kokatutako ibilgailuentzako karga-puntu elektrikoa. Bi hornidura puntu ditu eta jarraian dituzue informazioa eta erabilpenerako azalpenak. 

 

Artxanberri kalean, udal-biltegiaren aurrean, ibilgailuentzako karga-puntu elektrikoa jarri da, Zaldibiako Udalaren ekimenez eta Goienerren bide-laguntzarekin. Puntuak bi hartune ditu eta bakoitzaren aurrean ibilgailuarentzako eremua dago margotuta. Ibilgailu elektrikoen sustapenerako erraztasun bat gehiago ematea da helburua Zaldibian bezala inguruko herrietan ere, karga-puntuen sare sendo eta eskuragarria osatuz.

NOLA KARGATU ZURE IBILGAILUA:

Karga-puntuan bertan erabiltzailearentzat azalpenak agertzen dira, ibilgailua kargatzeko eman beharreko urratsak azalduz:

  1. – Erabiltzaileak bere mugikorrean Zunder izeneko aplikazioa jeitsi beharko du, eta bertan dagoen QR kodea erabili dezake horretarako.
  2. – Jarraian aplikazioan alta eman beharko du eta ordaintzeko modua ezarri. 
  3. – Azkenik, aplikazioan Zaldibiako konektorea aukeratu behar da, ibilgailua kargatzeko.

KARGA-PUNTUAREN EZAUGARRIAK:

Karga-puntua 22kW potentziakoa da. Auto elektriko trifasikoen kasuan, erabiltzaile bakarra badago potentzia horretan kargatuko da eta bigarren erabiltzaile bat konektatuko balitz 11kWtan. Auto elektriko monofasikoen kasuan, gehienez 7,4kW-ko potentzian kargatuko da. 

Prezioa: 0,35€/kWh ordainduko da, zunder aplikazioak berak kudeatzen du kobrantza. 

KARGA-PUNTUKO APARKALEKUAK:

Hornidura puntuen aurrean ibilgailuentzako eremua dago margotuta. Honek esan nahi du eremu horiek uneoro (urteko 365 egunetan, eguneko 24 ordutan) libre geratu behar direla ibilgailu elektrikoentzat erreserbatuta baitaude. Era berean, kontuan izan behar da auto elektrikoek ere kargatzen egon behar dutela aparkaleku hauetan dauden bitartean. Kargatzen ez badaude ezin dute aparkaturik egon. Arau-hauste hauek isun ondorioak izan ditzakete. 

 

UDAL LANETARAKO ORGA JASOTZAILE ELEKTRIKOA

Maiatzean abiatu zuen Udalak orga jasotzaile elektrikoa erosteko prozedura eta dagoeneko udal-langileen esku dago. Herri-guneko hainbat lanetarako baliatuko da eta %100 elektrikoa da, 2023an eskuratu zen kamioi elektrikoa bezala.