ZALDIBIAKO
udala

Osasun larrialdi egoera ezarri ondorengo lehen neurriak jakinarazi ditu Eusko Jaurlaritzak

Atzoko egunez ezarri zuen Osasun Larrialdi egoera Gasteizko Gobernuak eta gaur egin den lehen batzorde bileran hainbat neurri hartzea erabaki dela jakinarazi berri dute jarduneko sailburuek. Neurriak ezagutzeko jarraitu irakurtzen.

Neurriak gaur iragarri badituzte ere, oraindik ez daude ofizialki indarrean, aste honetan zehar onartuko dituzte. Neurri hauek Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako udalerri guztietan ezarriko dira, baina aurrerago eta egoera epidemiologikoaren arabera tokian toki neurri gehigarriak hartuko dituztela iragarri dute.

Honakoak dira neurriak gaur prentsaurrean adierazi dutena oinarri izanik. Hala ere, komenigarria izango da dekretu ofiziala argitaratzen denean hau zehaztasunez irakurtzea.

  • Bide publikoan:
    • 10 laguneko elkarketak gehienez. Ez dira 10 lagun baino gehiagoko elkarketak baimenduko, ez terrazetan, ez egonlekuetan, ez parkeetan edo kirol-jardueretan edo turismo-jardueretan ere.
    • Erretzea debekatua barne zein kanpoko leku publikoetan, pertsonen arteko 2 metroko distantzia bermatu ezin bada.
    • Maskara erabiltzeko derrigortasunak indarrean jarraitzen du.
  • Ostalaritza: taberna, jatetxe eta elkarte gastronomikoak
    • 01:00etan itxi egin beharko dira ostatu eta jatetxeak eta 00:00etatik aurrera ezin izango dute bezero berririk hartu.
    • Eserita soilik kontsumitu daiteke, bai terrazan, barruan, zein barran, inola ere ez zutik, eta pertsonen arteko 1,5 metroko distantzia errespetatu beharko da.
    • Distantziak: mahaien artean izan ordez, bezeroen artean bermatu beharko da 1,5 metroko distantzia, hau da, mahai batean eserita dagoenaren bizkarretik ondokoan eserita dagoenaren bizkarrera egin beharko da distantzia hori.
    • Gehienezko edukiera: jangelaren eremuan ezingo dira une berean 60 lagun baino gehiago egon jaten.
    • Gau aisialdiko lokalak: pub eta diskotekak itxi egingo dira.
    • Hotelak eta bestelako ostatuak: eremu komunetan edukiera %60an murriztuta eta aktibitateak gehienez 10 laguneko taldeetan.
  • Beilatokiak, ehorzketak, hileta-agurrak, eta ezkontzak:
    • Gehienez 30 lagun egon ahal izango dira, berdin da barruan zein kanpoan izan.
  • Garraio publikoa:
    • Maskara erabiltzeak derrigorrezkoa izaten jarraitzen du.
    • Bi orduz azpiko iraupena duten bidaietan, ezingo da jan, bai edan ordea. Edateko momentuan maskara erretiratu eta edaten amaitzean berehala jantzi egin beharko da.
    • Gaueko zerbitzuak murriztuko dira, azken bidaiak 01:30etan izango direlarik gehienez.
  • Kirola eta Museoak:
    • Igerilekuetako edukierak %60ra murriztuko dira, eta gehienez ere hiru orduz egon ahal izango da bertan. Berdin museo eta antzekoetan ere.
    • Kirol ez federatua praktikatzeko ezin izango diraa 10 lagun baino gehiago elkartu.
  • Egoitza Soziosanitario eta Adinekoen Egoitzak:
    • Sarrera-irteerak ere ahalik eta gehien murriztuko dira, eta Foru Aldundien zein Osasun Sailaren esku egongo da murrizketa horiek zehaztea.
    • Pertsona bakarraren bisitak jaso ahal izango dituzte egoiliarrek, egunean ordubetez gehienez ere. Halere, "bizitzaren azken fasean" dauden egoiliarren kasuan, neurri hori arindu egingo da.
    • PCR probak indartuko dituzte zahar etxeetan: egoiliar eta langile berri guztiei probak egingo dizkiete egoitzara sartu eta 72 ordu lehenago gehienez ere.
  • Hezkuntza:
    • Hezkuntza zentro guztiek plan bat osatu beharko dute eta protokola bat ezarri. Protokolo horretan, eman daitezkeen jokaleku ezberdinak zehaztu beharko dituzte, eta kontingentzia plan bat osatu.
    • Hezkuntza Sailburuaren esanetan, asmoa ikasle guztiak aurrez aurreko eskolekin hastea da. Bere esanetan, 50 ikastetxe ingurutan, ratioak izan beharko litzatekeena baino altuagoak dira. Kasu horietan, egoera banan-banan aztertu eta behar izanez gero irakasle gehiago kontratatuko dituztela azaldu du.
    • Haur eta lehen hezkuntzari dagokionez, talde iraunkorrak osatuko dituzte, eta talde horien parte izango dira haurrak zein haien irakaslea. Aurrez aurreko eskoletarako, lehentasuna izango dute haurrik txikienek eta zaurgarrienek. Sarrera-irteerak, gainera, modu mailakatuan izango dira, eta zentro bakoitzak erreferentziazko pertsona izango du COVID-19aren inguruko gaiez arduratuko dena. Eskola irteerei dagokienez, ikasturte honetan ezin izango da gaua igarotzeko irteerarik antolatu.