Osasun Sailarekin gaur izandako bilera

Dakizuen bezala Goierriko egoera dela eta gaur 10:00etarako bilera telematiko batera deitu gintuen Osasun Sailak Goierriko alkate guztiok. Mezu honen bidez bileran jaso duguna eta Osasun Sailburuari eskatu dioguna azaldu nahi dizuegu.

Datuek okerrera egin dutela azaldu du Osasun Sailak lehenik. Goierri mailan, gainera, azken 14 egunetako inzidentzia tasak beste eskualdeetakoak baino altuagoak dira. Osasun Sailaren arabera 17-50 urte arteko pertsonak dira zabalpenaren eragile handienak eta batez ere, eremu sozialean, aisialdian eta familia arteko harremanetan dago jatorria.

Hau hala izanik ere, Goierrirako neurri berririk ez dute momentuz hartuko, baina zein neurri adierazi ez diguten arren, Osasun Sailak laster neurri berriak aginduko dituela aurreratu digute. Kolaborazioa eskatu digute alkateoi bi eremutan: herritarrak kontzientziatzeko lanean eta arauak betearazterakoan.

Alkateek hitza hartzeko unea iritsi denean, Osasun Sailburuari bi hausnarketa plazaratu dizkiogu Zaldibitik:

Batetik, esan diegu Udalek informazioa behar dugula, bai hartu asmo diren neurriez, baita gaitzaren zabalpenari buruz ere. Herri txikietan aukera handiak ditugu, badakigu herritar perfil bakoitza zein eremutan ibiltzen den eta horri buruzko informazioa izateak erabakiak hartzea erraztuko luke.

Bestetik, luzera begira eta gaitzarekin bizitzen ikasi behar badugu herritarren kolaborazioa bilatzea ezinbestekoa izango dela adierazi diogu. Ezingo dugu orain arte bezala bizi, baina ezin dugu beldurrez bizi ere. Gure eskolak, mediku-etxeak, lantegiak, eta ezinbesteko ditugun eremuak baliabidez hornitu behar dira, segurtasunez aurrera egin dezaten.

 

Beraz, bukatzeko, aurreko egunetan errepikatzen ari garen deia egiten dizuegu berriro:

  • Familia eta gertueneko harremanetan (lagunartean, kuadrilan…) prebentzio neurriak zorroztu. Gehien maite ditugunak dira, beraz gehien babestu beharrekoak. Teilatupe ezberdinekoekin, maiteenak izanda ere, eutsi prebentzio neurriei.
  • Indarrean dauden arauak bete, denon ardura da. Inork esan beharrik izan gabe, isunari itxaron gabe. Denok egiten badugu lortuko dugu goranzko joera hau geratu eta beherantz eramatea. 
  • JAKINARAZI UDALEAN 943 88 03 57 telefonoan: hondakinak kudeatzeko, elikagaiak bermatzeko, Udalak egoeraren argazki erreal bat izateko eta ahal den neurrian gaitzaren zabalpenari aurre hartzeko.