Telekomunikazioen oihan globalizatuaren baitan, Euskal Herriko nazio eraikuntza eta burujabetzaren alde lan egiteko sortu zen Izarkom telekomunikazio operadore kooperatiboa. Zaldibiako Udalak gertutik jarraitu du bere ibilbidea eta uztaileko osoko bilkuran aho batez onarturik kooperatibako bazkide erabiltzaile egin da. Abuztutik aurrera udaleko telefono eta internet zerbitzuak Izarkomek ematen ditu eta gainera, aurrezte ekonomikoa eta zerbitzua zabaltzea ere ekarri du herrira. Jarraitu irakurtzen.
Azken hilabetetako lanketaren ondoren, irailaren 16an aurkeztu dute Eztitxu Mujika Zaldibiako alkateak eta Iker Garaialde Izakom kooperatibako arduradunak Zaldibiako Udalaren eta Izarkomen arteko lotura berria. Uztailaren 28ko osoko bilkuran aho batez onartu zenez, Izarkom kooperatibako bazkide erabiltzaile egin da Udala.
Abuztutik aurrera udaleko telefonia eta internet zerbitzuak Izarkomek kudeatzen ditu eta alkateak nabarmendu duenez, "aukera ona" izan da. Izan ere, telekomunikazio burujabetzaren bidean urratsa emateaz gainera, aurrezte ekonomikoa eta zerbitzu zabalpena ere ekarri ditu aldaketak.
"Azken urteetan, Zaldibiako Udalak hilabetero 1600€ baino gehiago ordaintzen zizkion telefono eta internet zerbitzuagatik hornitzaile ezagun bati. Abuztutik aurrera 600€ inguru ordaintzera pasa gara. Gainera zerbitzua zabaltzeko aukera eman digu aurrezte honek. Internet konexioa Herri Antzokira nahiz Resti pilotalekura eramateko aukera eman digu eta herriko hainbat puntutan Wi-Fi gune libreak eskaintzeko aukera ere bai."
Iker Garaialde Izarkomeko arduradunak aurkeztu ditu Izarkom kooperatibaren inguruko xehetasunak:
EUSKAL HERRIKO SARE PUBLIKO KOMUNALA HELBURU
Interneterako sarbidea gizarte eskubide bat bihurtu bada ere, erakunde publikoek zailtasun eta oztopo handiak dituzte Internet sarbide duin bat hedatzeko. Sistema kapitalistaren ondorioz telekomunikazio azpiegituren hedapena enpresa pribatu transnazionalen eskuetan geratu da, beraiek erabakitzen dutelarik nor, noiz, zertarako eta zein preziotan sartzen den Internet sarera.
Honela, Interneteko sarbidea, hirietan eta maila ekonomiko ertain eta altuenetako gizarte taldeetan zabaldu da bereziki eta landa-eremuetako edota diru sarrera gutxieneko biztanleek zailtasun handiak dituzte Internet bitartez gero eta gehiago hedatzen diren zerbitzuetara iristeko, gizartearen arrakala digitala nabarmenki handituz.
Horregatik, Euskal Herrian teknologia eta telekomunikazio burujabetzarantz bidea egin eta urratsak ematen hasi nahi badugu, ezinbestekoa dugu abiapuntu gisa zuzenean herritarron esku egongo den sare partekatu, aske, ireki eta neutral bat sortzen hastea."
Zaldibiako Udala Izarkomera atxikitu izanaz honakoa nabarmendu du Garaialdek:
"Sare publiko-komunalak sortu ahal izateko ezinbestekoa du Izarkomek herritarrengandik gertuen dagoen administrazioekin lan egitea, hau da, Udalekin lan egitea.
Kasu honetan, Zaldibiako Udalak telekomunikazio burujabetzarantz lehen pausua eman eta zerbitzuak Izarkomekin kudeatzeaz gain zerbitzua zabaltzeko aukera izan du WIFI gune libreak herritarrei eskeiniz."
Bukatzeko Eztitxu Mujika alkateak herritarrak gonbidatu ditu "Izarkom telekomunikazio erreferente gisa hartzera eta telekomunikazio burujabetzarantz pausoa ematera."
Albiste honen inguruko loturak: