Zaldibiako Udalaren oharra

Azken egun hauetan hasitako kasuen gorakadari jarraituz dei ugari jaso ditugu Udalean Covid-19aren probetan positibo eman duten herritarren eskutik. Hala, zerrenda luzatzen doa eta gaurko buletinean argitaratu dira azken hiru egunetako datuak. Ostiralean 11, larunbatean 23 eta igandean 8 izan dira guztira.

 

Gure artean dabilkigun koronabirus aldaera hau oso azkar hedatzen dela erakutsi digu egun gutxitako bat-bateko gorakadak. Orain arteko beste aldaerak baino askoz kutsakorragoa da, beraz prebentzio neurriak indartzea eta sintomei adi egotea dagokigu datozen egunetan zabalpena gelditzeko.

Asko dira oraindik ere gertuko harremana izateagatik frogak egiten dabiltzan herritarrak, osasun zerbitzuekin elkarlanean. Gure artean hain azkar hedatzen ari den olatua gelditzeko behar-beharrezkoa dugu herritarren kolaborazioa, gertuko izan edota edozein Covid-sintoma sumatzean, bakartu eta ohiko arreta telefonoetara deitzea:

  • Ordiziako Osasun Zentroa: 943 00 76 35
  • 24 orduko arreta eskaintzen duen telefonoa: 900 20 30 50

Ostiraletik Osasun Sailera deika ari da Udala eta momentuz Osasun Sailak ez du herri mailako neurri berezirik proposatu, gure herriko egoerari jarraipena egiten ari omen direla erantzun digute eta asteazkenean bilera telematiko bat dugu Osasun sailburuarekin inzidentzia-tasa altuena duten beste udal batzuekin batera.

Herri hauetan, jakingo duzuenez, LABI batzordearen erabakiz eta gaurtik aurrera neurri berriak ditugu indarrean: herria itxita dago perimetralki, mugakide diren herrietara soilik erosketak egitera edo aire libreko kirola egitera joan gaitezke. Esan daiteke gutxienez datozen 15 egunetan mantenduko direla neurri hauek.

Beraz, osagai guzti hauekin eta herritar bakoitzaren ardura pertsonal eta kolektiboa gehituz, gaitzaren transmisioa etetea lortu behar dugu, hori da egunotako gure herri erronka.

Udaletik ere datozen 15 egunetarako programatuta zeuden ekintzak atzeratu egingo dira (haurrentzako ziren gehienak) eta ez da bestelako jarduerarik egiteko udal-baimenik emango epealdi honetan.

Era berean, positibo eman duten herritarrak laguntzen jarraituko dugu ahal dugun neurrian, herritar asko ere horretan ari zarete dagoeneko, eta berrogeialdian daudenen (bereziki haurren) egonaldia arintzeko bideak lantzen ere segituko dugu.

Momentuz gaitzaren eremutik salbu, baina egun hauek herrian itxita igaro behar ditugunontzat, opor egunak izango dira askorentzat gainera, honakoa gogorarazten dizuegu: gure herriak aukera ugari eskaintzen ditu eta prebentzio neurriak zorroztuz, aire libreko jarduerak egitea lehenetsi dezagun.

Kontuan izan birusaren kutsagarritasuna oso altua dela.  Hortxe dugu beraz erronka, kate hau luzatzea saihestu behar dugu lehenbailehen  denon artean.

UDALEKO INFORMAZIOA WHATXAP BIDEZ JASOTZEKO idatzi mezu bat 680 795 473 telefonora INFORMAZIOA hitzarekin.