Covid 19aren aurkako neurriak otsailaren 13ra arte luzatu dituzte

Ostiralean, ostalaritzako ordutegiak eta edukiera neurriak beste bi astez mantentzea erabaki zuen LABI batzordeak. Covid ziurtagiriak ere indarrean jarraituko du, eta beste esparru batzutara zabaldu nahi du Jaurlaritzak.

LEHENDAKARITZA

XEDATZEN DUT:

Artikulu bakarra.– Lehendakariaren abenduaren 28ko 51/2021 Dekretuan ezarritako neurriak luzatzen eta aldatzen dira.

1.– Lehendakariaren abenduaren 28ko 51/2021 Dekretuan barne hartutako neurrien indarraldia luzatzen da, 2022ko urtarrilaren 29tik 2022ko otsailaren 13ra (dekretu horren bidez prebentzio-neurri espezifikoak zehazten dira, osasun-larrialdiko egoeraren deklarazioaren esparruan, egoera epidemiologikoaren bilakaeraren ondorioz eta SARS-CoV-2k eragindako infekzioen hedapena geldiarazteko). Neurri horiei etengabeko jarraipena eta ebaluazioa egingo zaie, egoera epidemiologikoaren bilakaerara egokitzen direla bermatzeko, eta, horretarako, luzatu, aldatu edo ondoriorik gabe utzi ahal izango dira neurriok.

2.– Aurreko dekretuaren eranskinean barne hartutako neurriak aldatzen dira, eta dekretu honen eranskinekoek ordezkatuko dituzte.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den unetik aurrera jarriko da indarrean.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Dekretu honen aurka, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, ebazpen hau argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, bat etorriz Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10. artikuluan ezarritakoarekin.

Vitoria-Gasteizen, 2022ko urtarrilaren 28an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

ERANSKINA

NEURRIAK

1.– 2022ko otsailaren 13ra arte, beranduenez 01:00ean itxiko dira merkataritza-, gizarte- eta kultura-jarduera guztiak, bai eta ostalaritza- eta jatetxe-establezimendu eta antzekoak ere. Beren jarduerarako arauz ezarritakoaren arabera lehenago itxi behar diren establezimenduak eta tokiak dagokien araudian ezarritako orduan itxiko dira.

Lurralde historiko bakoitza baino eremu txikiagoko garraio publikoak 02:00etan abiatuko dira beranduenez.

2.– Oro har, 2022ko otsailaren 13ra arte, % 60ko edukiera-muga ezartzen da mota guztietako establezimendu eta barrualdeko esparruetan.

3.– Gainera, ekitaldien esparruan, aldi bererako honako edukiera-muga hauek ezartzen dira:

  • – Gizarte-, kultura- edo kirol-ekitaldietarako esparruetan, gehienez ere 600 pertsona bildu ahal izango dira barrualdean, eta 800 pertsona kanpoaldean.
  • – 1.600 eta 5.000 pertsona arteko edukiera duten esparruetan, gehienez 800 pertsona bildu ahal izango dira barrualdean, eta 1.200 pertsona kanpoaldean.
  • – 5.000 pertsonatik gorako edukiera duten esparruetan, gehieneko aforoa % 50ekoa izango da, hargatik eragotzi gabe estatu osorako ezarritako beste muga bat aplikatu behar izatea.

4.– Ostalaritza- eta jatetxe-establezimenduetan, diskoteketan eta gaueko aisialdiko gainerako establezimenduetan, debekatu egiten da zutik kontsumitzea, eta mahai bakoitzeko edo mahai-multzo bakoitzeko bezero-taldeak gehienez ere 10 lagunera mugatzen dira, bai barrualdean bai terrazetan. Era berean, mahaien edo mahai-multzoen arteko distantzia gutxienez 1,5 metrokoa izango da.

  • Ostalaritza-establezimenduei aplikatzen zaien araubide bera aplikatuko zaie txokoei, gazte-lokalei edo elkarte gastronomikoei.

5.– Aldi bererako, hau zehazten da: barrualdeko instalazioetako kirol-jarduera 10 pertsona arteko taldeetan egituratu beharko da; aldagelen erabilera % 50eko okupaziora mugatuko da, eta dutxak banaka erabiliko dira, edo pertsonen artean bi metroko distantzia gorde beharko da.