Eusko Jaurlaritzako Lehendakaritzak Larrialdi Egoeraren amaiera dekretua argitaratu du eta Osasun Sailak prebentzio-neurriak zehaztu ditu. Astelehenetik aurrera bertan behera geratuko dira egun indarrean diren neurri murriztaile guztiak. Kanpoaldean maskara janzteko derrigortasuna ere ez dago indarrean, baina bai barrualdeetan. Jarraitu irakurtzen xehetasun guztiak jakiteko.
Jarraian irakurri ditzakezu argitaratu berri diren dekretua eta prebentzio-neurrien zerrenda. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan bezala Nafarroa eta Iparraldean ere neurriak arintzen ari dira.
LEHENDAKARITZAREN DEKRETUA: 5/2022
1. artikulua.– Osasun-larrialdiko egoera amaitu dela deklaratzea.
Deklaratzen da amaitu dela COVID-19aren pandemia kudeatzeko neurriei buruzko ekainaren 24ko 2/2021 Legearen 4. artikuluan xedatutakoaren arabera gaurdaino indarrean egon den osasun-larrialdiko egoera. Amaiera horrek dekretu hau indarrean jartzen denetik aurrera izango ditu ondorioak.
2. artikulua.– Osasun-larrialdiaren ondoriozko neurriak ondoriorik gabe geratzea.
Osasun-larrialdia amaitzeak berarekin dakar, dekretu honetan xedatutakoaren arabera, dekretu hauetan aurreikusitako neurriak ondoriorik gabe geratzea: lehendakariaren abenduaren 28ko 51/2021 Dekretua, prebentzio-neurri espezifikoak zehazten dituena, osasun-larrialdiko egoeraren deklarazioaren esparruan, egoera epidemiologikoaren bilakaeraren ondorioz eta SARS-CoV-2k eragindako infekzioen hedapena geldiarazteko; eta lehendakariaren urtarrilaren 28ko 2/2022 Dekretua, 51/2021 Dekretua 2022ko otsailaren 13 arte luzarazten duena, haien aldaketa bat eginda.
3. artikulua.– Labiren Aholku Batzordea desegitea.
Labiren Aholku Batzordea desegiten da, zeina ezohiko eran eratu baitzen COVID-19aren pandemiaren kudeaketan laguntzeko. Dena den Planaren zuzendaritza berriak legez ezarritako helburuetarako beste bat izendatzea erabaki lezake.
4. artikulua.– Neurri berriak hartzeko araubidea.
Hargatik eragotzi gabe EAEn osasun-krisia eta osasun-larrialdiko egoera gainditzea, Osasun Sailak une oro zehaztu ahal izango ditu osasun-dispositiboa aktibatzeko erritmoa eta beharrizanak, bai eta osasun publikoaren zaintzari eta kontrolari dagozkion prebentzio- eta geldiarazte-neurriak berraktibatu, berreskuratu edo abian jartzea ere, COVID-19aren pandemiaren aurrekaria kontuan hartuta, eta jarraipen sistematikoari eta kasuen eta kontaktuen kudeaketa eraginkorrari eutsita. Horretarako, eta hargatik eragotzi gabe Euskal Autonomia Erkidegoko edo Estatuko legeria arrunta aplikatzea, aplikagarria dena eta krisiaren aurrekoa edo krisi-garaian sortutakoa, eta, bereziki, Prebentzio-, geldiarazte- eta koordinazio-neurri urgenteei buruzko martxoaren 29ko 2/2021 Estatuko Legea aplikatzea, eta Estatuko agintariek eskatutako koordinazioa eta kohesioa eragotzi gabe, EAEko osasun-agintaritza gaituta geratzen da, Osasuneko sailburua buru dela, EAEn normaltasun berrian aplikagarriak izango diren prebentzio-, zaintza- edo kontrol-neurriak hartzeko.
OSASUN SAILA: PREBENTZIO-NEURRIAK
Lehenengoa.– Xedea.
Agindu honen xedea da COVID-19aren pandemiaren aurrekaria kontuan hartuta osasun publikoaren zaintza eta kontrolaren berezko prebentzio- eta geldiarazte-neurriak ezartzea. Neurri horiek Euskadin aplikatuko dira, behin osasun-larrialdiko egoera amaitu dela deklaratu ondoren.
Bigarrena.– Aplikazio-eremua eta irismena.
Agindu honetan aurreikusitako neurriak, eranskin gisa jasota daudenak, Euskal Autonomia Erkidego osoan aplikatuko dira, hargatik eragotzi gabe eranskinaren bosgarren apartatuan aurreikusitakoa. Neurri horiek beste administrazio publiko batzuen eskumenekiko eta, eskumen horiek erabiliz, administrazio horiek hartzen dituzten neurriekiko errespetuaren barruan ulertu behar dira.
Hirugarrena.– Neurriak betetzen direla kontrolatzea eta zehapen-araubidea.
Udal, foru eta autonomia mailako ikuskapen-zerbitzuak, euren eskumenen esparruan, arduratuko dira agindu honetan jasotako neurriak betetzen direla zaintzeaz.
Ez-betetzeak gertatuz gero, honako xedapen hauetan aurreikusitako moduan zehatuko dira: COVID-19ak eragindako osasun-krisiari aurre egiteko prebentzio-, geldiarazte- eta koordinazio-neurri urgenteei buruzko martxoaren 29ko 2/2021 Legearen VII. kapitulua; Osasun Publikoari buruzko urriaren 4ko 33/2011 Lege Orokorraren VI. titulua, eta Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren ekainaren 26ko 8/1997 Legearen 35-39 artikuluak.
Laugarrena.– Segurtasun-plan espezifikoak, antolamendu-protokoloak eta gidak.
Agindu honen eranskinean aurreikusitako neurriak osatzeko, segurtasun-plan espezifikoak, antolamendu-protokoloak eta gidak ezarri ahal izango dira, jarduera-sektore bakoitzari egokituta eta administrazio eskudunek onartuta.
Bosgarrena.– Neurrien jarraipena eta aplikazioa.
Agindu honen eranskinean aurreikusitako prebentzio-neurrien jarraipena eta etengabeko ebaluazioa egingo da, epidemiologia- eta osasun-egoeraren bilakaerara egokitzen direla bermatzeko. Ondorioz, Osasun Saileko titularrak, osasungintzako agintaritza den aldetik, agindu hau aplikatzeko behar diren neurriak hartu ahal izango ditu, eta, aplikatu beharreko araudiaren arabera eta osasun-egoeraren bilakaera ikusita, agindu honetan aurreikusitakoez gain beharrezkoak diren neurri osagarri guztiak ezarri ahal izango ditu.
Seigarrena.– Indarrean jartzea.
Agindu hau 2022ko otsailaren 14ko 00:00etan jarriko da indarrean.