Zaldibia Herri Hezitzailea: talde eragilea osatzera goaz

2020an sartu zen Zaldibia Herri Hezitzaileen sarean, baina pandemia dela tarteko, eta haur eta gaztetxoen ikuspegi eta beharrak kontuan hartuta hainbat ekimen egin badira ere, bada urrats bat ezinbestekoa izango dena proiektuaren jarraipenerako: herri hezitzaile talde eragilea osatzea. Horretarako lagun izango ditugu oinherri sareko dinamizatzaileak ASTELEHENEAN, 18:00etan Karreanen egingo dugun bileran. Gonbitea zabalik dago proiektu honetan sinesten duten herritar guztientzat.

 

Asteleheneko bileran Herri Hezitzaileen proiektua eta hau gure herrian garatzeko taldea osatzea izango dugu erronka. Nork osatuko dugu? Zein izango da taldearen helburu eta misioa? Ze maiztasunekin bilduko gara eta zein erronka izango ditugu aurten? Honetaz guztiaz hitz egingo dugu Maite Azpiazu Herri Hezitzaileen Sareko dinamizatzailearen laguntzaz ordu eta erdi iraungo duen saioan. 

Ibilbidea, ordea, ez da astelehenean hasiko. 2020an bat egin zuen Zaldibiak Herri Hezitzaileen Sarearekin eta hainbat dinamika egin dira honen baitan: 2020ko konfinamendua, etxetik irteera eta uda bizia egitaraua, edota Gaztetxoen Kabi proiektua, besteak beste. 

Bide horretan sakontzeko Talde Eragilea osatzea dagokigu gure herriko haurren kultura babestu eta herri hezitzaile izateko bidean lan egiten jarraitzeko. Beraz, asteleheneko bilerara proiektu honetan murgildu eta bere ekarpena egiteko prest den orori etortzeko gonbitea egiten diogu. Zatoz!