Iraileko matrikulazio kanpainaren ondoren, urria erdialdetik martxan dira euskara ikasteko ikastaroak Zaldibian. Ikas-maila ezberdineko bi talde osatu dira, eta astelehen, astearte eta asteazken arratsaldeetan dituzte klaseak. Jarraitu irakurtzen.
Abenduaren 3an Euskararen Eguna ospatuko dugu. Zaldibian ere antolatu dira ekimenak horretarako. Hala ere, badakigu egunerokoan dagoela gakoa, euskaraz biziz.
EUSKARA ZALDIBIAN, DATUTAN
UEMAk argitaratutako ikerketa txostenetan jasotzen den gisan, hona eman gure herriari eta euskarari dagozkion hainbat datu:
1991 | 2001 | 2021 | |
HERRITARREN EUSKARA EZAGUTZA ZALDIBIAN | %87,3 | %87,2 | %82,3 |
LEHEN HIZKUNTZA (AMA-HIZKUNTZA) EUSKARA DUTENAK ZALDIBIAN | %83,6 | %82,4 | %63,8 |
ETXEKO HIZKUNTZA EUSKARA DUTENAK | %80,6 | %68 | %61,5 |
Datuek erakusten dutenez, euskararen arnasgunea da gure herria, baina herritarren profila aldatzen doa eta aurreko hamarkadetan bezala datozenetan ere, lan egin beharko da euskara ikasi eta erabiltzeko, eremu guztietan.
Zaldibiarren artean, 10etik 8k baino gehiagok ulertzen du euskaraz. Horren inguruko kontzeintzia pizteko eta aurreiritziak albo batera uzteko deia eginez, "Egin nirekin ere euskaraz!" kanpaina abiatu da hilabete honetan UEMAko udalerriek sustaturik eta sorburua Zaldibian izanik. Jatorri atzerritarreko familiak dituzten haur eta gaztetxoen bizipena du oinarri kanpainak. Euskaraz dakite, euskaraz hitz egiten dute eskolan eta lagunartean, baina azalaren kolorea edo bestelako aurreiritziak tarteko gazteleraz hitz egiten diete hainbat herritarrek.
EUSKARAZ IKASI, ZURE BIZITZA EUSKARAZ KOLOREZTATUZ
Hautu hori egin dute euskaraz ez dakiten edo dakitena hobetu nahi duten hainbat herritarrek aurten ere. Batzuek eskualdeko hainbat euskaltegitan eta beste batzuek Zaldibian bertan. 2023/2024 kurtsorako ikas-maila ezberdineko bi talde osatu dira, eta astelehen, astearte eta asteazken arratsaldeetan izaten dituzte klaseak Karreane Kultur Etxean. Zaldibiako Udalak diruz-lagundutako klaseak dira, oinarrizko mailetan eta dagokion asistentzia betez gero gastuaren %100a estaltzen dutenak.
Euskara ikasten ari diren herritarren konpromisoari, euskaraz dakigunona lotzea dugu erronka. Haur eta gaztetxoei bezala, beraiei ere euskaraz egin diezaiegun, poliki, behar duten neurrian, pazientziaz eta laguntasunez.
AURTENGO ABENDUAREN 3an, ZER?
Igandean egokituko da Euskararen Eguna eta iragarritako dago aurtengo egitaraua.
Horrez gain, 2023ko azaroaren 29an udalbatzak "Euskara eta Bidea" adierazpena onartu zuen (EH Bilduko ordezkarien aldeko bozkarekin - EAJko ordezkaririk ez zen udalbatzan).
MINTZALAGUN IZATEKO PREST?
Ibiliz ikasten da oinez eta hitz eginez hizketan. Euskaraz ikasten dutenek klaseetatik harago bizitzako beste eremuetan (lanean, aisialdian, lagunartean...) euskaraz entzun eta aritzeko guneak izatea garrantzitsua da. Horretan bide-lagun izan daitezke euskal hiztunak.
Behean dauden datuak betez edo Kultur Etxean mintzalagun izateko bolondresak bildu nahi ditugu. Bakarka edo taldean, kafe baten bueltan edo paseo bat emanez, euskara ikasten ari diren herritarrekin tarteka geratu eta euskaraz hitz egitea da mintzalagunaren funtzio nagusia. Horretarako prest?