Elur protokoloa

Elurrak bidean eragozpenak eta arriskuak eragiten dituela jakina da eta guk, gure zerbitzuen arabera, saiakera egingo dugu kale eta baserri bideetako elurrak kentzen.

ASTEGUNETAN: (astelehenetik ostiralera)

Udal langileak saiatuko dira ahal den neurrian bide eta espaloiak garbi edukitzeaz, betiere eguraldi baldintzen arabera eta gune batzuei (eskola, mediku-etxea…) lehentasuna emanaz.

Baserri bideei dagokionez, bideak garbitzeko agindua emango zaio Udalak horretarako hitzartuta duen langileari. Baserrietan bizi zareten herritarrei eskatzen dizuegu zuzenean langileari deika ez hasteko. Udalera deitu (943 88 03 57) eta bertatik kudeatuko da zuen eskaera eta egoera.

Honakoa izango da bideak garbitzeko ordena, orokorrean:

1.- Egileor auzoa, Ausoegitik behera

2.- Urtsu-Erreka auzoa, Aizporragatik hasita

3.- Urreta auzoa, Urtsularretik behera

4.- Olaeta auzoa: Igartzaeta, Goizane…

5.- Arruegi auzoa, Arrutik behera

6.- Urtesabel auzoa, Aldautik hasita

7.- Elbarrena auzoa

8.- Miranda eta Okobio

9.- Aiestaran-Erreka auzoa

Bestalde gatza utziko da behar duenak hartzeko Udaletxe azpiko estalpean eta Bilore ondoko lokalean. Kontuan izan gatzak kalte handia sortzen duela zoruan eta beraz, tentuz, neurriz eta arduraz erabili behar dela.

ASTEBURUETAN (larunbat, igande eta jaiegunetan)

Orokorrean udal langileek ez dute kale garbiketarik egingo. Herriko bide nagusiak eta baserri bideak garbituko dira, lehenago aipatutako ordenaren arabera eta larrialdiei lehentasuna emanez. Larrialdi hauen berri emateko Udaleko telefonora deitu behar da asteburua izan arren, bertatik kudeatuko da eskaera.

Bestelako larrialdietan gogoratu 112 telefonora deitu behar dela.

 

Protokoloa hau izango da orokorrean, baina eguraldi baldintzen arabera Udalak beharrezko moldaketak egingo ditu, kasuan kasu. Herritarrei honako eskaerak egiten dizkizuegu:

  • Elurra denean, pazientzia izan eta tentuz ibili bai oinez, bai motordun ibilgailuekin ere.
  • Batzuetan ezustean zuritzen badu ere, normalean aurrez iragarrita izaten dugu elurra gaur egun. Horregatik, iragarpen hauek kontua hartu eta bezperatik aurreikuspenak egitea komeni da. Ibilgailu motorduna behar izatekotan hauek bide nagusietatik gertu dauden lekuetan uztea gomendatzen da, baita garraio publikoa erabiltzea ere.
  • Ahal den neurrian, elurra dugun egunetan eguneroko erritmoa jaitsi eta patxadatik hartzeko deia egiten dugu, baita udal langileei lagunduz segurtasunez ibiltzeko gutxieneko bideak garbitzen esku bat botatzekoa ere.
  • Baserri bideen kasuan, ez deitu zuzenean langileari. Udaletxeko telefonora deitu, berdin aste zein asteburu.