Zaldibia, herri bizia! Ereiten jarraitzeko garaia da

Herriko ostalaritza itxita mantentzen den garai hauetan, herrian bertan kontsumitzeak duen garrantzia azpimarratu nahi dugu Zaldibiako Udaletik. Gogoratu erosketa bonoak abenduaren 31 baino lehen erabili behar direla.

Azken hilabete latz hauetan, asko izan dira herria eta herritarrak bizirik mantentzeko ekimenak. Uda bizia kultur agenda, erosketa bonoak, aisialdia auzolanean, udazken bizia kultur agenda, musukoen josketa tailerrak eta negu bizia kultur agenda besteak beste.

Herriko komertzioak eta azken hilabete honetan ostalaritzak bereziki garai latzak bizi ditu. Zaldibiako Udalak bide latz horretan bere aletxoa jarri izan du, aforoak errespetatzeko terrazen zabalpena eta tasa ez kobratzea, itxita egon behar izan duten garaian hondakinen kostua Udalak bere gain hartzea, bertan kontsumoa sustatzeko erosketa bonoen zabalpena bi aldiz….

Baina hala ere gauza jakina da arazoaren tamainak sortutako ondorioei aurre egiteko ez direla nahikoak. Udalak bide horretan pauso berriak emateko asmoa duen arren, herritarrak bertako komertzioetan erostera eta bertako ostalaritzak etxera eramateko dituzten zerbitzuak erabiltzera deitzen ditugu.

Gertu dauzkagu, gertu sentitu gaitzatela!

Zaldibia, 2020ko abenduaren 18an