Udazken bizia! Zaldibian, egitaraua kalean da

Irailaren 3an egin zen batzarrean bi gai jarri ziren mahai gainean: aurten ez dago baldintzarik festak egiteko, baina erabaki horrek dakartzan kalteak arintzeko ekimenak egin ditzakegu udazkenean zehar. Hari horri tiraka osatu da ekimen sorta bat, eta eragileen elkarlanarekin osatzea eta luzatzea da asmoa. Jarraian dituzu ekimenaren azalpena, egingo diren ekitaldiei buruzko informazioa eta bertaratzeko baldintzak. Animatu eta parte hartu!

AZALPEN MEZUA:

Herritar agurgarria,

Esku artean duzun hau ez da urteroko festetako programa. Nahiko genuke “beti-berdina” omen den egitaraua etxez etxe banatzerik bagenu. Zoritxarrez, bestelakoa da egoera eta irailaren 3ko herri-batzarrean hala berretsi zenez, aurten ez da festarik ospatuko Zaldibian.

Batzarrean elkartu ginen udal ordezkari, herriko eragileen ordezkari eta herritarrek benetan uste dugu ez dela festak egiteko momentua. Festek gaitzaren zabalpen arriskua biderkatzen dute eta herria berriro konfinatzeak badakigu zer dakarren, batez ere, herritar zaurgarrienentzat. Horregatik, lerro hauen bidez, egun hauetan arduraz eta zentzuz jokatzea eta elkar babestea eskatzen dizugu.   

Era berean, datorren urtera begira gaude eta badakigu urtero bezala festa egitarau anitza osatu nahiko dugula: musikariak, tabernak, mondejua, barrakak, bertsolariak, kirolariak… Esan beharrik ez dago kultur-kirol-aisialdi sektore hau, beste asko bezala kolpe izugarria jasaten ari dela eta biziraungo badu plazak eta aukerak eskaini behar zaizkiela.

Horregatik, azken asteetan lanean aritu gara festak bertan behera uztearen erabakiak sortuko dituen kalteak arindu asmoz programa bat osatzeko. Esku artean duzun hau da hain justu.

Ziur gaude, hala aitortu digutelako, kultur eta kirol mundutik bizi direnentzat lagungarri izango dela, txikitasunetik bada ere. Aldi berean, zaldibiarrontzat ere gozagarri izatea nahi genuke, luze doan egoera hau arintzen lagundu diezagun.

Ez dezagun atzerapausorik eman datozen egunotan. Elkar zaintzeko unea da eta segidan, elkarrekin herria egitekoa.

 

Eztitxu Mujika Mariezkurrena  - Zaldibiako Alkatea

 

UDAZKENEKO AGENDA

 

 

OHARRAK

Udazkeneko programako ekitaldi guztiak indarrean diren osasun irizpideak betez garatuko dira. Zaldibiako Udalak bezala herriko eragileek ere errealitatearen arabera aldatuko diren jarraibideak beteko dituztela bermatuko dute.

Festetara bideratuta zegoen diru-poltsatik finantzatuko diren ekintzak dohainik izango dira, eta gainontzekoetan antolakuntzak zehaztutako prezio eta salmenta-puntuak ekitaldiari buruzko informazioan aurki ditzakezue.

Doakoa izan edo ez, ekitaldira bertaratzeko ezinbestekoa da gonbidapena lortua izatea. Ekitaldi bakoitzaren atalean zehazten da sarrerak noiz jaso ditzakezuen. Pertsonako 5 sarrera har litezke gehienez eta aforo mugatua egongo da. Soberan dauden gonbidapenak, ikuskizunaren egunean jarriko dira eskuragarri, ordu bete lehenago eskolaren aurrean.

Hauetaz gain, herriko eragileek nahiz Udalak antolatutako ekitaldi gehiago egon daitezke, eta bere garaian emango da horien berri.

 Ekitaldi egunean sarrera ekartzeaz gain, honako irizpideak betetzea ezinbestekoa da:

  • Gutxienez ekitaldia hasi baino 15 minutu lehenago bertaratu. Garaiz iristea eskatzen da, jendea bere eserlekuetara erraz joan dadin.
  • Maskara jantzia izan beharko da uneoro.
  • Eskuak garbituko dira sarreran eta irteeran.
  • Ekitaldietan ezingo da  jan edo edan.
  • Antolakuntzak adierazitako eserlekuan eseri eta bere jarraibideak errespetatuko dira uneoro.
  • Ikuskizunetarako sarrera haurreskolaren aldetik egingo da, eta irteera areto futboleko zelaiaren aldetik.
  • Sarreran eta irteeran pilaketak ekidin eta distantziak errespetatu.