Iritsi da aurtengo festetako egitaraua iragartzeko unea. Herritik eta herriarentzat eginak, denentzat lekua eskaintzea izan dugu helburu. Urriaren 5, 6, 7, 8, 9 eta 15erako osatu da egitaraua, herriko hainbat norbanako eta eragileren elkarlanari esker. Datorren astean banatuko dira etxez etxe liburuxkak eta informazioa osatzen ere joango gara. Presta gaitezen ba festarako!
Aurten bai, badatoz herriko festak, denbora luzez itxarondakoak, hainbeste desiratutakoak. Bai, festa eta umorea, gauza serioa baita.
Eta horregatik, mimo bereziz antolatu dira aurtengoak. Ohiko eragile eta herritarren bultzada nekaezinaz gain, beste hainbaten iritziak eta ekarpenak entzunez eta jasoz. Ondorengo orrietan errepikatuko badugu ere, ESKERRIK ASKO herriko festen antolakuntzan eta lanetan aritu eta ariko zareten guztioi. Hitz gutxitan, zuek gabe ezinezkoa litzatekeelako.
FESTAK HERRITIK ETA HERRIARENTZAT. Elkarlana bultzatuz, denentzako tokia izango duten ekintzekin, gure balioen ispilu. Eta batez ere, askatasunez eta elkarrekiko errespetuz biziko ditugun festak izan daitezela.
Herri txikietako festetan esnatuko bagina bihar
Dantzatuko genuke plazetan sekula santan ez bezala
Eta kantu bakoitzean utziko genuke eztarria
Azkenengoa bailitzan edota denetan lehenengoa
Zeinen ederra izango den!
(Zetak Musika taldearen abesti zatia)
GOZATU, EGIN IRRI, EGIN DANTZA, EGIN KANTU, IZAN ASKE ETA ASKE SENTIARAZI ALDAMENEKOA. Berriz ere familia eta lagunartean elkartzeko aukera ematen duten jai hauetan, gogoan izan ditzagun gure artetik joan direnak eta eraman zituztenak. FESTETAN ERE FALTA DIRENAK GOGOAN!
EGITARAUA 2022:
Lotura: Zaldibiko festak ate joka