DEMOKRAZIA ETA PARTAIDETZA:
Udal-hauteskundeak lau urtez behin egiten dira eta bozketaren emaitzen arabera eratzen da bederatzi zinegotzik osatzen duten Udalbatza, bozketara aurkeztutako alderdi edo talde politikoen ordezkaritzaz. Udal-ordezkariek Osoko Bilkurak egiten dituzte hainbat gairen inguruan erabakiak hartzeko.
Gaiak aurretiaz lantzeko, batzordeen eta lan-arloko bilerak edo Herri Batzarrak egiten dira. Batzordeak eta lan-arloak herritarrek, udal-ordezkariek eta sailetako udal-teknikariek osatzen dituzte. Batzordeetan parte hartzeko, deialdietara bertaratu, zinegotzi arduradunarengana jo edo Udalean izena eman behar da. Batzordeko kideak aldatu badaitezke ere, batzordeen eta lan arloen egitura mantendu egin ohi da urtez urte.
HIRIGINTZA BATZORDEA |
Herriko hirigintzaz eta hiri inguruneaz eztabaidatu eta erabakiak hartzen diren batzordea. |
KULTURA, EUSKARA ETA KIROL BATZORDEA |
Kultura, euskara, kirola eta jaiak bezalako gaiak ikuspegi herrikoi batetik garatzeko eta erronka berriak asmatzeko eginkizuna duen batzordea. |
INGURUMENA, LANDA GARAPENA ETA LEHEN SEKTOREAREN ARLOA |
Lehen sektoreaz, baso eta mendiez, landa garapenaz eta ingurumenaren zaintzaz arduratzen den arloa. |
BERDINTASUNA, HEZKUNTZA, GAZTERIA ETA ANIZTASUN ARLOA |
Parekidetasuna, heziketa, gazteria eta aniztasuna erdigunean jarriko dituen herria eraikitzeko lan egiten duen arloa. Bertatik sortu da eskuan duzun harrera gida hau, adibidez. |
OBRAK, ZERBITZUAK ETA GIZARTE ONGIZATE ARLOA |
Herritarren ongizatea helburu izanda, egunerokoan sortzen diren edozein motatako arazoak ahalik eta modurik egokienean gainditzeko lan egiten duen arloa. |
Batzorde eta lan-arlo hauetako jardunaz gain, gai zehatzagoei buruzko saio edo bilerak ere izaten dira, baita partaidetza prozesuak eta eragileen arteko bilkurak ere.
KOMUNIKAZIOA: PARTAIDETZAREN OINARRI
Udalak bitarteko ugari erabiltzen ditu herritarrekiko komunikazioan: gutunak eta oharrak herritarren postontzietan, etxe atarietako oharrak, kaleko iragarki-taulak, Udal Harrera bulegoa, udalaren web orria (www.zaldibia.eus), Udal informaziorako Telegram eta Whatsapp kanalak, udaletxe sarrerako pantaila, sare sozialak, eta abar.
Herritarren partaidetzan sakontzen jarraitzeko urratsak egiten dihardu Udalak. Partaidetza, herritarren eskubidea eta udalaren betebeharra izateaz gainera, zaldibitarrok uste dugu tresna eta bide egokia dela gizartearen beharrei erantzuteko, elkarri entzun eta erantzunez modu sistematizatu batean. Horrela, gure herritartasuna indartuko dugu eta Zaldibiaren parte sentituko gara indar handiagoz.